Orain dela 13-14 egun etorri zen gure ingurura antizikloia eta oraindik ere hementxe daukagu. Egia da egun batzutan iparra eta hodeiak sartu dizkigula, baina orokorrean egun askotan eguzkia eta zeru urdinak nagusitu dira. Ba horrelaxe jarraituko du gaur, bihar eta baita ere larunbatean. Eguzkia izango da protagonista eta giroa goxatzea lortuko du egunez, nahiz eta gauak nahiko hotzak izan.
Larunbatean, beraz, giro eguzkitsua izango dugu, baina arratsalde bukaeran hodei batzuk hasiko dira gurera iristen, hodei altuak izango dira eta ez dute euri konturik utziko, baina zerbait aldatzen ari den señale izango da. Hego ikutuko haizea ibiliko da eta tenperatura egunez 20 ºC-ra hurbilduko da. Gauez hego ikutuko haizeak ez dio lagako termometroari gehiegi jaisten eta tenperatura minimoa 7 ºC-koa izango da.
Igandean egunaren zatirik handienean ere ateri eutsiko dio, hodeiak eta ostarteak tartekatuz, baina arratsalde bukaeran edo egunaren azken partean (gauez) zaparradaren bat izan dezakegu. Tenperaturetan beherakada nabarituko dugu, baina ez gehiegi. Goizez hego ikutuko haizea ibiliko da oraindik ere eta maximoa eguerdi partean 15 ºC-ra hurbilduko da.
Laburbilduz, oraindik ere antizikloiaren eraginpean egongo gara, baina hasiko gara aldaketa txiki batzuk nabaritzen, bereziki igandean, hodei gehiagorekin eta beharbada euriarekin igande bukaeran. Hurrengo asterako berriro ere negu giroa bueltatzeko aukera handiak daude. Aprobetxatu udaberriz mozorrotu diren egun hauek.
Iruzkin berriak