Archive for Apirila, 2009

Oraingoan bai asteburu polita datorkigula. Eguzkia izango da nagusi.

3 eguneko asteburua datorkigu eta oraingoan eguraldia ondo portatuko dala ematen du. Ostiral goizaldean hodeiak eta euri pixka bat egingo du, baina arratsalderako atertu eta ostarteak zabalduko dira, eguraldia nabarmen hobetuz. Gainera hobekuntza hau larunbatean eta igandean oraindik gehiago nabarituko dugu.

 Larunbata eta igandea eguzkitsuak izango dira eta gainera tenperatura ere errekuperatu egingo da17-18 ºC inguruan geratuz maximoa. Haizea nahiko bare eta brisa nagusituko da eguerdi partean.

Beraz, kanporako giro aproposa egingo du eta bai mendira joateko edo paseatzeko edo nahi duzuena egiteko giro bikaina izango duzue.

Hurrengo aste hasieran beharbada ipar ikutuko haizeak hodeiak eta zirimiri pixka bat utziko digu, baina maiatzaren 6tik aurrera berriro ere antizikloia izango da jaun eta jabe %80ko probabilitatearekin.

Repetiziotan ere euria eta oraingoan gehiago, bereziki larunbatean.

Eguraldia erabat aldatuko da bihar arratsaldetik aurrera. Gaur eta bihar goizean udako eguraldia izango badugu ere, gero berriro ere euria eta freskura bueltatuko dira udaberrian gaudela gogoratzeko. Berriro ere egoera ezegonkortu egingo da astebururako eta euria egingo du.

Larunbatean ematen du euria gogotik egin dezakeela. Egun osoan zehar zerua estalita egongo da eta euri egingo du bai goizean eta baita ere arratsaldean. Gainera, arratsaldean zaparrada mardulak izan daitezke, ekaitz eta guzti. Tenperaturaren beherakada ere nabarmena izango da. Ostiralean 22 ºC-ra iritsiko gara, eta larunbatean berriz 12 ºC-ko muga ezingo dugu gainditu.

Igandean ematen du euri gutxiago egingo duela, baina ez dago oraintxe bertan batere garbi. Orain ikusten denarekin esango nuke euria hasieran eta bukaeran egingo duela, eta eguerdi partean nahiko bare ibiliko dela, ostarteak ere zabalduz. Tenperatura antzera ibiliko da 12 ºC inguruan.

 Beraz, berriro ere euria dator eta oraingo asteburuan lehengoan baino euri gehiago espero dugu, bai denboran zehar (lehengo asteburu osoa kontuan hartuz ateri momentu askotan eutsi zion) eta bai litro pilaketan.

Nahiz eta eguraldi txarra egin, ondo pasa eta disfrutatu.

San Telmotan euria bai, baina ez gehiegi.

Egoera nahiko nahasia daukagu oraintxe bertan eta asteburuan ere nahiko antzera jarraituko du. Horrexegatik, egoera hauetan zaila da euria non eta noiz egingo duen zehaztea, baina behintzat ez da ikusten egoera okerra astebururako. Nahiz eta euria egin dezakeen, egun guztiak kontuan hartuta ateri eutsiko dio momentu askotan. Euria egiteko aukerarik handiena larunbat arratsaldean, igande bukaeran eta astelehen goizaldean izango da. Dena den, hau aldatu daiteke eta euria beste momentu batean egitea ezin da baztertu. 

Egoera zehaztea zaila da, baina hementxe duzue egunez egun iragarpena:

Larunbata: Goiza nahiko lasaia izango da. Ostarteak izango dira nagusi zeruan. Arratsaldean hodeiak ugaritu eta zaparrada mardulak bota ditzake. Gainera, ekaitzak jotzea ezin da baztertu. Haizea orokorrean iparraldekoa izango da eta tenperatura freskoa, baina nahiko atsegina, maximoa 13 ºC. Gauean atertzera egingo du eta gau horretan (larunbatetik igandera) ez da euria espero.

Igandea: Goiza berriro ere polita izango da. Orokorrean ostarteak nagusituko dira. Arratsalderako hodeiak ugaritu eta gau parterako euri pixka bat egin dezake, baina ez gehiegi. Iparrarekin jarraituko dugu eta tenperatura antzera, maximoa 14 ºC-tan geratuz.

Astelehena: Goizaldean euri pixka bat egin dezake, baina egun osoan zehar ateri eutsiko diola ematen du, nahiz eta ezin baztertu tantaren bat erortzea. Ostarteak ere zabalduko dira eta tenperatura antzera (maximoa 14 ºC).

 Beraz, ikusten duzuen bezala, euririk egin gabe ez da pasako asteburua, baina ez du gehiegi egingo, eta gainera asteburuko zatirik gehienean ateri eutsiko dio eta tenperatura fresko antzekoa izango da, baina nahiko atsegina. Momenturik okerrena larunbat arratsaldea.

Ondo pasa San Telmoak 

Aste Santuan pixka bat denetik.

Badator Aste Santua eta ematen du pixka bat denetik izango dugula. Egia esan, Aste Santu askotan eguraldi oso makurra egin izan du eta aurtengo behintzat ez da izango hain makurra. Fronteak pasako zaizkigu eta hauek euria eta tenperaturen beherakada ekarriko dute, baina fronteak iritsi baino lehen eguraldi eguzkitsua eta epela izango dugu. Beraz, aldaketa ugari izango ditugu egun batetik bestera. Xehetasunak hauek dira egunez egun:

 Ostegunean eguraldi dotorea espero dugu. Hego haizea ibiliko da nahiko harro eta zeruan urdina izango da nagusi hasieran, gerora hodeiak ugarituko badira ere. Tenperatura gora joango zaigu eta egunez 24 ºC-ra iritsiko gara. Egunaren bukaeran euri pixka bat egin dezake, frontearen lehenengo hodeiek lagako dutena.

Ostiralean fronteak bete betean harrapatuko gaitu eta euri zaparrada mardulak espero ditugu egunaren lehen partean. Tenperaturaren beherakada ikusgarria izango da eta maximoa 11 ºC-ren bueltan geratuko da. Arratsaldean ere euri pixka bat egin dezake, baina goizean baino askoz gutxiago.

Larunbatean oraintxe bertan beste fronte batek ukitzea posible da, baina ez dago oso garbi. Dena den, ez du ematen euri askorik egingo duenik. Tenperatura ostiralaren antzekoa.

Igandean beste egun polit bat izan dezakegu, baina oraindik urruti xamar dago. Oraintxe bertan eguraldi nahiko eguzkitsua egingo luke eta tenperatura errekuperatze bidean 16 ºC inguruan.

Astelehenean beste fronte baten bisita izan dezakegu, baina ikusiko dugu.

 Laburtuz eta Aste Santu osoa orokorrean hartuz, eguraldiak koska nabarmenak izango ditu. Egun batetik bestera eguraldian aldaketa nabarmenak eman daitezke, berotik hotzera eta eguzkitik eurira pasatuz.

Larunbatean fronte batek euria ekarriko digu, baina igandean nabarmen egingo du hobera.

Egun motelak izan ditugu eta gainera nahiko freskoak. Astebururako alde batetik tenperatura errekuperatuz joango da pixkanaka eta iganderako 16 ºC inguruan geratuko da tenperatura maximoa. Bestalde, nahiz eta egoera antiziklonikoa izan, larunbatean fronte ahul batek gure lurraldea zeharkatzea lortuko du eta honek euria ekarriko digu. Ez du pila bat egingo, baina eguerdi partean eta arratsaldeko lehen orduetan zaparradaxkaren bat botako du. Larunbat iluntzerako atertzera egingo du, nahiz eta zirimiri pixka bat oraindik ere egin dezakeen.

 Igandean frontea urrutiratuko da eta hobekuntza nabarmena izango dugu. Goizean oraindik ere hodeiak geratuko dira, baina pixkanaka ostarteak zabalduz joango dira eta arratsalde dotorea geratuko da, azken finean eguzkia nagusituko delarik. Tenperatura ere gorako bidean, larunbatean 14 ºC-tan geratuko gara eta igandean 16 ºC-tan.

Beraz, asteburuan bi egun ezberdin. Larunbatean euria eguerdian eta arratsaldeko lehen orduetan eta igandea ateri eta gainera eguzkitsu bukatuko zaigu eguna.

Hurrengo asterako astelehen beroa ikusten da oraintxe bertan, hego haizearekin eta 20 ºC-ko tenperatura gaindituz, baina egunaren bukaerarako fronte batek zaparradak eta ekaitzak laga ditzake, gainera ikusi beharra dago zein den atmosferaren eboluzioa, baina oraintxe bertan zaparrada mardulak eman daitezkeela ematen du.

Aste santua ere hortxe daukagu eta hurrengo astean egingo dut iragarpen berezia.