Gaur hodei estratu baxuak sartu dira Kantuari osoan eta beraz, baita Zumaian ere. Meteosat argazkian ederki ikusten da hodeitza hori kostaldetik gertu. Barrurago mugitu ezkero oskarbi dago. Fenomeno hau udaberrian gertatzen da askotan. Aire masa beroa iritsi da Penintsulara eta horrexegatik atzo adibidez, Gasteizen 29 ºC-ko maximoa izan genuen. Kostaldean berriz, itsasoko tenperatura oraindik hotza da, 14 ºC inguruan dago, eta beraz aire masa heze eta freskoa dago itsas gainean. Horrela Penintsulako aire masa beroa itsasoko aire masa freskoarekin nahastean kondentsazioa eta hodei baxu hauek sortzen dira. Gainera zaila izaten da giroa altxatzea eta egun osoan zehar irauten dute askotan.
Ba bihar ere berbera gertatzea litekeena da. Egoera gaurkoaren antzekoa izango da, baina horri ekaitz arriskua gehitu beharko zaio. Tenperatura gaurkoaren antzera geratuko da. Ekaitza izateko arriskua arratsaldean izango da, baina probabilitate kontua denez, ezin da zihurtatu botako duen ala ez.
Asteburuan oro har giro nahasia izango da nagusi. Gainera ekaitz arriskua areagotu egingo da eta zaparrada mardulak botatzea posible da, txingor, tximist eta guzti. Bereziki, arratsaldeak izango dira arrisku handiagokoak. Bestalde, gaur ditugun hodei baxu hauek izateko aukera ere egongo da eta egun guztian zehar eguzkia ikusi gabe geratu gaitezke. Dena den goiza eta eguerdi parteak izango dira lasaienak eta ostarteak irekitzekotan orduan irekiko dira. Tenperatura berdintsu geratuko da edo zertxobait freskoago.
Beraz, astebururako bi gauza izan behar ditugu kontuan. Alde batetik ekaitz arriskua arratsaldeetan eta bestetik hodei baxu horien iraupena egun osoan zehar. Ez dira kontu oso deterministak baina tira, egoera hauetan ezin da besterik esan.
Gaurkoa ikusteko Meteosat argazkia hemen duzue. kantauriko kostalde osoa hodeiz josita. Bestalde, Pirineo aldean hodi zuri-zuri horiek ekaitzak dira.
0 Responses to “Asteburuan eguraldia ezegonkortu egingo da eta ekaitz arriskua aipatu beharra dago.”