Archive for Ekaina, 2009

Eguraldi aproposa bai hondartzarako eta baita ere San Pedro jaietaz disfrutatzeko.

Gaur eta bihar eguraldia pixka bat ezegonkortuko bada ere, asteburua primerakoa espero da.

Bihar hodeiak nagusituko dira eta euria ere egin dezake. Dena den eguerdi partean ostarteak ere ireki daitezke. Tenperatura pixka bat jaitsiko da 20 ºC-ren bueltan geratuz.

Larunbata dotorea espero da. Egunsentian hodeiren bat edo beste agertu daiteke, baina laister geratuko da zerua urdin. Gainera brisa aterako da eguerditik aurrera eta beraz tenperatura oso atsegina izango da, 22 ºC-ren bueltan geratuz maximoa, bero gehiegirik gabe, egun sano horietakoa.

Igandea ere ez da izango kexatzeko modukoa. Beharbada, egunaren hasieran sargori puntu bat izango da, hego ikutuko haizearekin, maximoa 26 ºC-raino iritsiz, baina eguerditik aurrera brisak berriro ere tenperatura bere onera bueltatuko du, giro atsegina utziz. Arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira eta baliteke iluntzerako zaparradaren bat botatzea, baina garrantzi gutxikoa izango litzateke.

San Pedro eguna ere oro har itxura onekoa izango da. Dena den hodei gehiago egotea zeruan posible da, batez ere egunaren hasieran eta bukaeran, baina ez dute euri konturik utziko. Mendietan, bereziki Pirineotan, eta barnealdean ekaitzak izateko posibilitate txiki bat badago, baina Zumaira ez du ematen iritsiko direnik.

Laburbilduz, eguraldi aproposa kanporako, bai hondartzarako eta baita ere kalean jaietaz disfrutatzeko.

Bihar zirimiria eta freskotasuna, asteburuan pixkanaka hobera.

Bihar ipar haizea iritsiko zaigu garbi asko eta honek bi ondorio izango ditu. Alde batetik hodeiak eta zirimiria eta beste aldetik freskotasuna, termometroa 19 ºC-tan geratuko baita, itsasoko tenperatura bezala. Gainea ipar haize hau nahiko bizi ibiliko da.

 Asteburuan antizikloia hurbiltzen joango da, baina oraindik ere ipar ikutuko haizea bidaliko digu. Beraz, hodeiekin esnatuko gara larunbatean eta zirimiri pixka bat egitea litekeena da, baina eguerditik aurrera ostarteak zabalduko dira, gero eta zabalagoak. Tenperatura antzera edo zertxobait gorago, 20 ºC inguruan.

Igandean berriro ere hodeiekin esnatuko gara baina eguzkia laister hasiko da hodei hauek zulatzen eta egun dotore eta polita geratuko da. Tenperatura beste koska txiki bat gorantz 21 ºC-tan geratuz, beraz egun sanoa eta hondartzarako aproposa.

Hurrengo asteko lehen partean ere ildo beretik jarraituko du eguraldiak. Egun eguzkitsuak espero ditugu eta tenperatura atseginak 20 eta 25 ºC bitartean, itsasoko brisa atseginarekin. Egoera honek ekainak 26ra arte irautea oso probablea da.

Beroa larunbatean eta ondorioz ekaitzetarako joera iluntzerako eta iganderako.

Bihartik aurrera aire masa bero bat iritsiko da Penintsulara Afrika iparraldetik eta horren ondorioak nabarituko ditugu, nahiz eta ez denbora gehiegi iraun. Bihar, brisa ibiliko denez oso eguraldi polita espero da. Eguzkia nagusituko da eta tenperatura ez da 25 ºC-tik pasako. Beraz, esango genuke egun sanoa izango dugula, bero handirik gabe.

Larunbatean berriz, hego haizearen laguntzarekin tenperaturak nabarmen egingo du gora eta eguerdi partean errez gaindituko da 30 ºC-ko muga. Arratsaldean brisa aterako da eta ondo freskatuko du itsasoko haizeak, 25 º´C-raino jaitsiz termometroa. Gainera arratsaldean egingo duen beroagatik ekaitz hodeiak sortuko dira eta egunaren bukaeran zaparradaren bat eman daiteke, baina hori bukaeran izango da.

Igandean egoera nahastu egingo da eta ezegonkortasunaren ondorioz zaparradak bota ditzake egunaren edozein momentutan. Dena den, ostarteak ere izango ditugu eta tenperaturak behera egingo du, baina oraindik ere 25 ºC inguruan geratu daiteke maximoa.

Beraz, aipagarriena larunbateko beroa izango da. Brisari pixka bat kostatzen bazaio sartzea, termometroan 35 ºC-ko balioa ikusi dezakegu (itzalean noski). Gero brisa sartzen denean nabarmen freskatuko du. Iganderako ekaitz giroa nagusituko da, baina horrek ez du esan nahi egun osoa euritan pasako dugunik. Giro nahasia esaten dudanean denetik izango dugula nahi dut esan, ostarteak, hodeiak eta zaparradak.