Archive for Uztaila, 2009

Asteburuan eguraldiak hobera egingo du, baina hodeiak ere izango ditugu.

Gaur erabat aldatu da eguraldia, ipar-mendebaldeko haize zakarra, itsaso zakarra, tenperatura freskoak eta euri zaparradak momentu batzutan.

 Egoera honek hobera egingo du asteburuan, baina bai bihar eta baita ere igandean, egunaren hasieran eta bukaeran hodeiak izango dira nagusi eta zirimiri pixka bat ere egin dezake. Eguerdi partean eta arratsaldean ostarteak irekiko dira eta eguraldi atsegina izango dugu. Tenperatura atseginak bi egunetan 22 ºC inguruan.

 Aipatu beharra daukat hurrengo asteko hasieran bero zakarra izan dezakegula eta bereziki asteartean, hego haizea ibiliko denez egunaren lehen zatian, tenperatura maximoa 35 ºC-tik gora joan daiteke. Gero arratsaldeko lehen orduetan galerna arriskua ere ikusten da gaurko mapak aztertuz, beraz kontuan hartzeko egoera izan dezakegu asteartean, uztailak 21. Ikusiko dugu zer esaten diguten eredu matematikoek hurrengo irteeretan eta hau konfirmatzen den ala ez.

Asteburu bikaina datorkigu, udako giroa.

Egun hauetan zirimiria, hodeiak eta tenperatura freskoak izan dira nagusi, baina bihartik aurrera eguzkia nagusituko da eta ipar haizea brisa modura ibiliko da soilik, beraz egun hauetan izan duen nagusitasuna bukatutzat eman daiteke.

 Guzti honekin espero behar duguna eguzkia da. Eguneko lehen orduetan hodei batzuk agertu daitezke, baina azkar asko garbituko du eta primerako eguraldia geratuko da, uda bete beteko eguraldia. Larunbatean goizean zehar hego ikutuko haizea ibili daiteke eta horrek sargori puntu bat emango dio eguraldiari, termometroa 25 eta 30 ºC bitartean utziz, brisa noiz sartzen denaren arabera. Ematen du eguerditik aurrera itsasoko brisa sartuko dala eta arratsalderako giro freskoagoa ekarriko digula.

Igandea ere nahiko berdintsu. Hodei batzuk hasieran, baina gero eguzkia jaun eta jabe. Brisa izango da nagusi eta tenperatura 25 ºC inguruan. Beharbada, iluntzerako hodeiak ugaritu daitezke, ipar haizea pixka bat indartuko baita.

Laburbilduz, eguzkia eta beroa bueltatuko dira, baina brisaren irteerak beroa tamainan utziko du. Udako giroa.

Asteburuan hodeiak nagusi eta tenperaturak beherako bidean.

Pasa dira San Pedroak eta giro bero edo sargori hura. Orain beste egoera batean sartuko gara. Antizikloiak gureganako bidean ipar pixka bat sartuko du eta horrekin bi gauza garrantzitsu izango ditugu. Alde batetik hodeiak eta bestetik freskatzea. Gainera hodei horiek euri pixka bat laga dezakete, zirimiri modura.

Beraz bai larunbatean eta baita ere igandean hodeiak izango dira nagusi egunaren hasieran eta bukaeran eta zirimiria ere egin dezake. Eguerdi partean arintzeko joera izango du eta ostarte batzuk ere zabaldu daitezke, baina zaila izango da. Tenperatura beherako bidean, maximoak 21 ºC inguruan geratuko dira.

Hurrengo astea ere berdintsu hasiko dugu, hala ere asteartean eta asteazkenean eguerdi partean eguzkia irteteko aukera handiagoak ikusten dira gaurko mapak kontuan hartu ezkero.