Archive for Abuztua, 2009

Asteburu ederra dator.

Asteburua ederra etorriko zaigu, gaur ordea fronte baten bisita izango dugu eta gainera goizetik ipar-mendebala lanean ibiliko denez hodei ugari izango dugu zeruan. Gainera arratsaldetik aurrera euria ere egingo du, bereziki gau aldera.

Bihar ere, hodeiekin eta euriarekin esnatuko gara, baina pixkanaka hobera egingo du eta arratsaldean atertu eta ostarteak zabalduko dira.

Tenperatura bi egun hauetan 20 eta 25 ºC bitarte horretan mantenduko da.

Larunbatean, Azoreetako antizikloiaren menpe egongo gara eta eguraldi eguzkitsua izango dugu. Ederra benetan. Gainera giro sanoa izango da, hau da brisa ibiliko da eta tenperatura maximoa 23 ºC-tan geratuko da. Beraz, giro ederra kanporako.

Igandean ere giro ederrak jarraituko du, baina sargori puntu bat izan dezakegu goizean. Orain dugun informazioarekin hego haizea ibiliko da indar handirik gabe eta horrek termometroa 30 ºC-tik gora eraman dezake. Arratsaldean, iparra sartuko da eta orduan freskatuko du. Bestela, giro eguzkitsua. Gero arratsalde bukaerarako barnealdean egingo duen beroa dela eta ekaitzak sortzea posible da.

Beraz, oro har giro ederra asteburuan: larunbatean eguzkia eta giro sanoa, eta igandean eguzkia, beroa eta ekaitz arriskua bukaeran.

Bihar eguraldi bikaina, etzi beroa eta ekaitz arriskua eta igandean iparra, hodeiak eta freskoago.

Kostata bada ere, azkenean egun hauetako hodei baxuak desagertu dira, behintzat ordu batzuk. Horrelako egoerak uda partean oso ohikoak dira. Ebaporazio gehiago dago urtaro honetan eta hezetasun honekin erraz sortzen dira hodeiak, bereziki gau partean, lehen orduetan eta bukaeran, gainera zirimiri pixka bat ere lagatzeko gai dira. Momenturik onena eguerdi partea eta arratsaldeko lehen orduak izaten dira horrelako egoeretan.

Dena den, biharko eguraldi bikaina geratzea espero dut, hodei batzuk berriro ere agertu daitezke lehen orduetan, baina eguerditik aurrera zerua urdin geratuko da eta tenperatura ederra, maximoa 26 ºC-koa izango da, brisari esker.

Larunbatean hego haizea ibiliko da goizean eta horrek tenperatura ederki igoko du, maximoa ordu bata aldera emango da eta 35 ºC ingurukoa izango da. Goizean zerua nahiko oskarbi egongo da, baina arratsalderako hodeiak ugaritu egingo dira. Gainera, haizea aldatu egingo da eta ipar-mendebaldekoa izango da eta gainera bolada gogorren bat eman daiteke. Horrez gain, ekaitz arriskua ere aipatu beharra dago, eta ekaitzen bat gertatzekotan haize bolada aipagarriak izan ditzakegu. Beraz, arratsaldean aldaketa izango da.

Igandean ipar haizearekin hodeiak nagusituko dira eta zirimiri pixka bat ere egin dezake, bereziki hasieran eta bukaeran. Dena den, eguerdi partean eta arratsaldeko lehen orduetan ostarteak ere zabaldu daitezke. Tenperaturak beherako bidean, maximoa 25 ºC inguruan geratuko da.

Beraz, asteburuan pixka bat denetik eta plan ezberdinak egiteko ondo etorriko zaigu.

Datozen egunetarako ipar haizea nagusi eta beraz tenperatura freskoak eta euria.

Egun dotoreak izan ditugu, baina gaurtik aurrera iparrak hartuko du agintea eta horrekin badakizue zer izango dugun. Alde batetik hodeiak eta euria eta bestetik tenperaturak behera egingo duela. Gainera, honi ezegonkortasuna ere gehitu behar zaio, bereziki larunbatean eta beraz ekaitzak ere ezin dira baztertu.

Bihar Euskal Jai eguna ospatzeko eguraldiak ere ez digu hondartzarako aurpegia erakutsiko eta beharbada jai honetaz gozatzeko hobeto izango da. Zeruan hodeiak izango dira nagusi eta euri pixka bat ere egin dezake, bereziki goizean. Gero, eguerditik aurrera, hodeiak hor egongo dira baina euria egitea zaila izango da eta gainera ostarteak ere irekitzea posible da. Tenperatura maximoa 20 ºC inguruan geratuko da, beraz jantzia ipintzeko tenperatura aproposa.

Larunbata izango da egunik ezegonkorrena eta egun guztian zehar hodeiak eta euria izango dira nagusi. Gainera, zaparradak mardulak izan daitezke momentu batzutan, bereziki arratsalde eta gau partean. Tenperatura bere horretan mantenduko da.

Igandean hodeiekin eta euriarekin esnatuko gara eta pixkanaka hobera egingo du, baina asko kostako zaio. Arratsaldean ostarte batzuk ikusteko aukera izango dugu eta tenperatura 20 ºC-ren bueltan.

Laburbilduz, iparraren baitan geratuko gara hurrengo 3-4 egunetan eta horrekin tenperatura freskoak, hodeiak eta euria izango dira nagusi. Dena den, bihar Euskal Jai eguna ospatzeko ez da hain eguraldi txarra izango. Batzutan eguraldi beroak eta eguzkitsuak jendea hondartzarako bidean jartzen du eta bihar seguraski festarako bidean jarriko ditu, eta horrek anbiente polita sortu dezake, eta esandakoa euria goizean zertxobait egin dezake, baina eguerditik aurrera arintze bat nabarituko dugu. Ondo ibili