Egun dotoreak izan ditugu, baina gaurtik aurrera iparrak hartuko du agintea eta horrekin badakizue zer izango dugun. Alde batetik hodeiak eta euria eta bestetik tenperaturak behera egingo duela. Gainera, honi ezegonkortasuna ere gehitu behar zaio, bereziki larunbatean eta beraz ekaitzak ere ezin dira baztertu.
Bihar Euskal Jai eguna ospatzeko eguraldiak ere ez digu hondartzarako aurpegia erakutsiko eta beharbada jai honetaz gozatzeko hobeto izango da. Zeruan hodeiak izango dira nagusi eta euri pixka bat ere egin dezake, bereziki goizean. Gero, eguerditik aurrera, hodeiak hor egongo dira baina euria egitea zaila izango da eta gainera ostarteak ere irekitzea posible da. Tenperatura maximoa 20 ºC inguruan geratuko da, beraz jantzia ipintzeko tenperatura aproposa.
Larunbata izango da egunik ezegonkorrena eta egun guztian zehar hodeiak eta euria izango dira nagusi. Gainera, zaparradak mardulak izan daitezke momentu batzutan, bereziki arratsalde eta gau partean. Tenperatura bere horretan mantenduko da.
Igandean hodeiekin eta euriarekin esnatuko gara eta pixkanaka hobera egingo du, baina asko kostako zaio. Arratsaldean ostarte batzuk ikusteko aukera izango dugu eta tenperatura 20 ºC-ren bueltan.
Laburbilduz, iparraren baitan geratuko gara hurrengo 3-4 egunetan eta horrekin tenperatura freskoak, hodeiak eta euria izango dira nagusi. Dena den, bihar Euskal Jai eguna ospatzeko ez da hain eguraldi txarra izango. Batzutan eguraldi beroak eta eguzkitsuak jendea hondartzarako bidean jartzen du eta bihar seguraski festarako bidean jarriko ditu, eta horrek anbiente polita sortu dezake, eta esandakoa euria goizean zertxobait egin dezake, baina eguerditik aurrera arintze bat nabarituko dugu. Ondo ibili
Hori-hori Joseba! Denok festara! Bestela ere hondartzako aukera badago eta… nahiko abandonatuta utzi gaituzu bi astean baina esker onez hartzen dizugu zure partea. Ondo pasa Euskal Jaia!!!