Aste honetan daukagun eguraldiak ez du hurrengo astean jarraituko. Egia esan, hilabete berriarekin eguraldiak udazkeneko itxura hartuko du eta oraingoan benetako okertzea izango da, zeren udazkena gurekin geratzeko etorriko da. Tenperaturetan ere nabarituko dugu aldaketa, baina hori igandetik aurrera izango da. Bitartean, eguraldi ikusgarri honekin jarraituko dugu.
Bihar, gaur bezalaxe, eguraldi eguzkitsua izango dugu, lainoxka txuri batzuk zerua apainduko dutelarik. Gainera, hego ikutuko haizea ibiliko da goizean eta tenperatura berriro ere 25 ºC inguruan kokatuko da. Dena den, arratsaldean brisa sartu daiteke eguraldia pixka bat freskatuz. Egunaren bukaeran fronte bat gerturatuko da eta hodeiak ugaritu egingo dira.
Larunbat goizaldean, fronte horrek tantaren bat laga dezake, baina egunean zehar eguzkia nagusituko da eta eguraldi polita eta atsegina izango dugu, tenperatura maximoa 20 ºC inguruan geratuz.
Igandea aldaketa eguna izango da. Goizean oraindik ere hego ikutuko haizearekin tenperatura epela eta hodei altuak izango ditugu, beharbada tantaren bat laga dezakete hodei hauek, baina benetako aldaketa arratsaldean zehar izango da. Fronte mardul bat iritsiko da arratsalde bukaeran eta haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta zakartu egingo da, eta ondorioz tenperatura nabarmen jaitsiko da. Beraz, euri zaparrada mardulak arratsalde bukaeran eta egunaren bukaeran izango ditugu.
Hurrengo astean udazkeneko lehen denboralea izango dugu. Haize zakarra, itsaso handia eta euria egoeraren jaun egingo dira. Beraz, badator udazkena. Aprobetxatu azken egun hauek.
Iruzkin berriak