Archive for Azaroa, 2009

Larunbatean hego haize indartsua eta igandean aldaketa.

Bi zati ezberdin izango ditu eguraldiak asteburuan zehar. Alde batetik larunbata haizetsua eta euririk gabekoa. Beste aldetik igandea, fronte bat iritsiko da euriarekin eta giroa asko hoztuko da bukaeran.

Larunbatean haizea izango da protagonista. Hego haizea indartzen joango da egunean zehar eta bukaeran 100 km/h-ko boladak eman daitezke. Goizean ostarteak izango dira nagusi, baina arratsaldean hodeiak ugarituz joango dira. Dena den, ez du euririk egingo larunbatean. Tenperatura oraindik ere nahiko epela 17 ºC inguruan maximoa.

Igandean fronte bat iritsiko zaigu eta haizeak ere hegotik medebaldera egingo du. Beraz, euria egingo du goizetik hasita. Ez du ematen gehiegi egingo duenik, baina litro batzuk pilatuko dira. Mendebaldeko haizearekin tenperaturak behera egingo du eta maximoa 13 ºC-tan geratuko da, baina aipagarriena igande bukaeran tenperaturan emango den beherakada izango da. Igande bukaeran 7 ºC-ra jaitsiko da termometroa eta lehenengo elurtea iritsiko da mendietara, esate baterako Izarraitzera, zeren eta elur maila 800 metrora jaitsiko da. Gainera, ekaitzak jo dezake eta txingorra bota.

Horrela, igandeak bidea irekiko dio asteleheneko eguraldiari, zeren eta astelehenean eguraldi makurra espero dugu. Euri asko, ipar-mendebaldeko haize zakarra, ekaitzak eta txingorra, hotza eta itsaso zakarra. Esandakoa mendietan elurra ikusiko dugu (800 metrotik gora).

Negua hurbiltzen ari den seinale izango da igandean eta astelehenean izango dugun giroa. Hortik aurrera, berriro ere epeltzera joko duela ematen du, baina oraintxe bertan ez dago batere garbi.

Asteburuan haizea izango da protagonista.

Azaroan bete betean sartuta gaude dagoeneko eta giro epelarekin jarraitzen dugu, hego haizea dabilen señale. Hurrengo egunetarako ere aldaketa gehiegi ez da espero. Fronte pare bat iritsiko zaizkigu asteburuan, baina euri aldetik gehiegi ere ez dute utziko. Aipagarriena haizea izango da, zakartu egingo baita eta 100 km/h-ko boladak eman daitezke, bereziki larunbat goizean eta igande goizean.

Larunbatean hego haize indartsua ibiliko da eta fronte ahul bat hurbilduz joango da egunean zehar. Beraz, goizean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira eta arratsalderako zerua estali egingo da, bukaeran euri pixka bat ere egin dezakeelarik. Oro har, giroa epela izango da, nahiz eta hego haize zakar horrekin batzutan desatsegina izan. Termometroetan 20 ºC-ak ikusiko ditugu eguerdi partean.

Igandean ere haizea indarrarekin ibiliko da. Goizean hego haizea izango da eta berriro ere boladaren batek 100 km/h abiadura harrapatu dezake. Arratsaldean mendebaldera egingo du eta nahiko indartsu mantenduko da. Haizea aldatzearekin batera fronte bat iritsiko zaigu eta oraingoan euri gehiago lagako du. Dena den, goizean ateri egongo da zeruan hodeiak eta ostarteak tartekatuz. Giroa freskatu egingo da, bereziki arratsaldean eta maximoa 17 ºC inguruan geratuko da.

 Beraz, asteburu haizetsua, epela eta hodeitsua. Euri aldetik larunbat bukaeran zertxobait eta igande arratsaldetik aurrera gehiago.

Bestalde, haize zakar honek berriro ere itsasoan eragina izango du eta astelehenerako olatu handiak izan ditzakegu berriro ere, 7 metro ingurukoak.  

Hegoa nagusi. Honekin hodei ugari eta euri gutxi.

Ipar-mendebaldeko egoera ahaztu eta hego-mendebaldeko haizearen menpe geratuko gara hemendik aurrera eta baita asteburuan ere. Beraz, alde batetik tenperatura altuak izango ditugu 20 ºC-ren bueltan eta bestetik hodei ugari eta beharbada euri pixka bat.

Bihar aipagarriena haizea izango da. Hegotik joko du eta indartzen joango da egunean zehar, bukaerarako 100 km/h-ko boladak eman daitezkeelarik. Zeruan hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira eta tenperatura oso epela, maximoa 22ºC-ra iritsiz.

Larunbatean hego haizeak indarra galduko du eta fronte bat hurbilduko zaigu. Beraz, euri pixka bat egin dezake, bereziki goizean baina gauza gutxi izango da, izan ere hego ikutuko haizea hor egongo baita. Tenperatura maximoa 20 ºC-ren bueltan geratuko da.

Igandea ere larunbataren antzekoa izango da. Hodei asko zeruan eta euri pixka bat. Haizea berriro ere hegotik eta tenperatura 20 ºC-ren bueltan.

Beraz, egoera aldatu egin da argi eta garbi eta orain hego haizearen menpe, giro lehorragoa izango dugu, nahiz eta zeruan hodei ugari ibili hara eta honera. Bestalde, garai honetarako tenperatura altuak izango ditugu.

Asteburu benetan makurra.

Hemen daukagu udazkeneko lehen denboralea eta hemen izango dugu asteburuan ere. Haizea, euria eta itsaso zakarra izango dira protagonistak. Euri asko egitea espero da egun hauetan. Gaur hasi eta astelehena bitartean 200 mm baino ur gehiago pilatuko da eta hori hilabete oso batean egiten duena baino gehiago da (bost egunetan bakarrik). Gaurtik astelehenera bitartean euria etengabe botako du.

Gainera, euri honi haizea gehitu behar zaio eta bi ezaugarri hauek kontuan hartuz, zaila da kalean zehar ez bustitzea, zeren aterkiak ere ez digu asko babestuko. Hau da astebururako daukagun panorama. Egia esan, barruko giroa izango dugu eta kalean ibiltzea ez da oso atsegina izango. Tenperatura freskoa izango da, larunbatean 13 ºC-ko maximoa eta igandean 11 ºC-ren bueltan. Gainera igandean ekaitzak jo dezake, zaparrada mardulak botaz, txingor eta guzti. Haize boladak 90-100 km/h-ra iritsi daitezke eta itsasoa berriro ere zakartu egingo da iganderako.

Hurrengo astean egoerak hobera egingo du eta nahiz eta fronteren bat gure lurraldera hurbildu, denboralea amaitutzat emango dugu. Bitartean ondo babestu asteburuan.

Gaur arratsaldean eta bihar zazpi metroko olatuak egon daitezke.

Esaten nuen lehengo ostegunean aste honetarako udazkeneko lehen denboralea zetorrela, eta etorri da. Itsasoa oraindik gehiago zakartuko da gaur arratsaldean eta marea biziak direnez, ederki joko dituzte olatuek bazter guztiak. Ikusteko polita izango da baina kontuz ibili, argazkiak ateratzeko ere ederra. Olatuak 7 metrokoak izan daitezke eta puntualki zertxobait altuagoak. Haizea ere gogor dabil eta gaur gauean oraindik gehiago indartuko da, 90 Km/h-ra hurbilduz Zumaian. Gainera euria ere aipatzekoa izango da, bereziki bihartik aurrera. Hurrengo bost egunak kontuan hartuz 200 mm baino gehiago pilatzeko aukera dago, beraz euria gogotik egitea espero da. Gainera, biharkoan ekaitzak eta txingorra ere agertu daitezke.

Asteburua ere euritsua eta haizetsua izango da, olatuak ere berriro 7 metrora iritsi daitezke.