Archive for Abendua, 2009

Gabonetan giro nahasia.

Hotzaldiak aste oso bat iraun du eta hemendik aurrera Atlantikoko borrasken menpe geratuko gara. Horrek esan nahi duena da, alde batetik hego haize indartsua izango dugula momentu batzutan eta bestalde, fronteak ere iritsiko zaizkigula euria ekarriz eta tenperaturak hoztuz beste momentu batzutan. Hau da, giro oso aldakorra, baina oro har hartuta tenperatura epel samarrak, behintzat konparatuz izan dugun aste hotz horrekin.

Dena den eta gauzak gehiago zehaztuz gabonetarako hauxe espero da:

24ean: Goizean hego haize indartsua izango da aipagarriena, bereziki goizaldean, orduan 100 km/h-ko boladak eman daitezke. Goizean zehar, haizea baretuz joango da, baina oraindik ere hego haize ikutuarekin ateri eutsiko dio, eta gainera tenperatura oso epelarekin, maximoa 18 ºC inguruan geratuko da. Arratsaldean ordea, fronte bat iritsiko zaigu eta honekin batera euri zaparrada mardulak eta tenperaturaren beherakada. Oraintxe bertan ematen du arratsaldeko bostak inguruan iritsiko dela frontea, beraz ordutik aurrera zaparradak, ipar-mendebaldeko haizea nahiko zakar eta tenperatura behera nabarmen, esate baterako gaueko hamarretan 8 ºC-ren bueltan ibiliko da termometroa. Beraz, aldaketa nabarmena goizaren eta arratsaldearen artean.

25ean: Goizeko lehen ordutan oraindik ere euri pixka bat egin dezake, baina hobera egingo du goizean zehar, eta arratsalde eguzkitsua geratuko da. Hasieran ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da indar handirik gabe, baina arratsaldean aldakor. Tenperatura hotzago, maximoa 10 ºC-ren bueltan geratuko da.

Beraz, 24 arratsaldean gabonetako koroa kantari ibiliko den momentuan frontea iritsiko zaigu, baina ondo prestatu ezkero koroa entzun eta pote batzuk hartzeko aukera ezin da galdu.   

Gabon zoriontsuak denori!!!

Giro hotza nagusituko da asteburuan.

Sasoi honetako lehen hotzaldi garrantzitsua iritsiko zaigu asteburuan, baina giro lehorra gailenduko dela ematen du. Europa barrena aire oso hotza mugituko da mendebalderantz eta ematen du igandean gurera ere iritsiko zaigula, baina aire masa lehorra izango denez ez dugu espero prezipitaziorik. Ekialde eta ipar-ekialdeko haizearekin hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira Zumaian (beharbada Bizkaia aldean hodei gehiago pilatuko dira eta euri pixkat egiteko aukera ezin da baztertu). Aipagarriena hotza. Udazkena nahiko epel joan da eta asteburu honetan hotza nabarituko dugu aspaldiko partez.

Larunbatean giro eguzkitsua izango dugu orokorrean, hodei altuekin, eta bukaerarako beharbada hodei gehiago. Aire hotza egun honetan hasiko da guregana iristen eta nabarituko dugu hori tenperaturetan. Tenperatura minimoa 6 ºC inguruan egongo da eta maximoa 12 ºC inguruan, ekialdeko haize finarekin.

Igandean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira eta tenperatura behera joango zaigu nabarmen. Tenperatura minimoa 3 ºC eta maximoa 6 ºC, gainera ipar-ekialdeko haize finarekin. Beraz, igandea lehor aldetik baina neguko giroa tenperaturari dagokionez.

Astelehenetik aurrera ez dago batere garbi zer gertatuko den. Alde batetik hotzak jarraitu dezake giro nahiko lehorrarekin, baina beste alde batetik, goi latitudeetan izango dugun blokeoa dela eta depresio sakonak mendebaldetik ekialderako bidea Penintsulatik egin dezakete eta horrek hego haize indartsua, tenperatura epelagoak eta euri pixka bat ekarri dezake (hori bai Penintsulako toki batzutan euri jasa izugarriak egiteko aukera egongo litzateke, bereziki mendebaldean eta zentruan). Beraz, astelehenetik aurrera zihurgabetasun handia dago.

Asteburu luze honetarako hego haizea.

Gaur eta bihar ipar-medebaldeko egoera izango dugu eta euria egingo du, baina bihar arratsaldetik aurrera egoerak hobera egingo du nabarmen. Zubiko egun guztietarako hego haizea izango da nagusi eta horrek tenperatura epelak ekarriko ditu eta euri aldetik ezer gutxi. Fronteren batek lortuko du guregana iristea baina tanta batzuk bakarrik lagako dizkigu.

Larunbatean eta igandean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira eta hego haizea ibiliko da agintari. Momentu batzutan haizeak zakar joko du eta boladaren batek 100 km/h-ko abiadura harrapatu dezake. Tenperatura maximoak 18-19 ºC inguruan geratuko dira.

Astelehenean fronte batek harrapatuko gaitu, baina ahulduta iritsiko denez ez digu euri askorik lagako. Pixkat egingo du, baina litrotan gauza gutxi. Haizea hegotik ibiliko da frontea iritsi arte, indartsu, eta frontearen atzetik mendebaldera egingo du, ondoren haizea baretuz. Tenperatura maximoa 17 ºC-tan geratuko da.

8an berriro ere eguraldi polita, hego haizea nagusituz joango da eta tenperatura epel-epela, 18-19 ºC inguruan eguerdi partean.

Beraz, oro har eguraldi polita gauden sasoian egoteko. Hego haizea nagusi, momentu batzutan zakar, hodeiak ere egongo dira, baina euri aldetik ia ezertxo ere ez, eta tenperatura oso atsegina.