Azkenean atmosfera lasaitu da pixka bat eta maiatzako lehen hamabostaldi hotz eta umela pasa ondoren, aste hau beste itxura batekin hasi genuen, udaberriko itxurarekin eta orain astebururako beste koska bat hobera egingo du, tenperatura gorako bidean ipiniz eta udako giroa ekarriz. Beteko dira hondartzak oraingoan.
Hitz gutxitan eguraldi zoragarria egingo du asteburu osoan. Zerua urdin agertuko zaigu. Beharbada goizean goiz, lanbro laino pixka bat sortu daiteke, baina goizeko lehen orduetatik zerua urdin geratuko da eta horrelaxe mantenduko da egun osoan zehar. Larunbatean brisa ibiliko da garbi asko eta egun sano horietakoa izango da. Tenperatura maximoa 21 ºC inguruan geratuz. Gauez ordea oraindik ere badaki freskatzen minimoa 12 ºC-koa izango baita. Igandean zeru urdinarekin jarraituko dugu, baina hego haizeak nahiko du muturra sartu eta hor egongo da brisa eta hego haizearen burruka. Brisak ez badu irabazten termometroa 27 ºC-ra hurbildu daiteke, eta bestela brisa pixkatekin 23 ºC-tan geratuko da. Beraz, udako giro peto-petoa.
Hurregno astean baliteke pixka bat okertzea asteartetik aurrera, baina oraindik ez dago garbi zer geratuko den.
Azkenik kontuan izan itsasoko tenperatura 14-15 ºC-an dagoela eta garai honetarako batezbestekotik behera dagoela. Hau da, hotza dagoela oraindik ere, baina seguru nago jende askok baño bat hartuko duela.
Iruzkin berriak