Archive for Abuztua, 2010

Tenperaturaren beherakada astebururako.

Nabarmenena tenperaturaren beherakada izango da astebururako. Atzo brisak tenperatura goregi ez joatea lortu zuen eta hala ere 30 ºC inguruan geratu zen maximoa. Gaur, osteguna, hego haizea ibiliko da egunaren lehen partean eta horrekin tenperatura 35 ºC ingurura hurbildu daiteke. Gero arratsaldeko lehen orduan ipar-mendebaldera egingo du haizeak eta hortik aurrera freskotasuna iritsiko zaigu. Enbata bezalako zerbait izan daiteke, baina ez du ematen haizeak indar handiegirik hartuko duenik.

 Bihar fronte ahul batek lainoak eta euri pixka bat utziko digu eta tenperatura maximoa 23 ºC inguruan geratuko da.

Asteburuan giro egonkorra nagusituko da, baina lehen eta azken orduetan hodei baxuak egongo dira eta gainera zirimiri pixka bat ere utzi dezakete hodei hauek. Tenperatura gaurko egunarekin konparatuz askoz ere beherago, maximoa 21 ºC inguruan geratuz bi egunetan. Haizea indar handirik gabe, beti ere iparraldetik.

Beraz, ezaugarririk nagusiena tenperaturaren beherakada izango da. Bestalde, hodeiak egunaren hasieran eta bukaeran, zirimiri pixkatekin, baina eguerdi eta arratsaldeak orokorrean eguzkitsuak.

Larunbata dotorea eta igandean beharbada okerrera.

Aste honetan berriro ere bueltatu zaigu udako eguraldia eta horrelaxe jarraituko du beste egun batzutan ere.

 Gaur iluntzean ekaitz arriskua aipatu beharra dago, baina bestela egun osoan zehar eguraldi polita geratuko da, goizeko lainoak desagertu ondoren.

Bihar eguraldi polita baita ere. Larunbatean egunik beroena espero dugu. Brisa nagusituko denez ez dira tenperaturak goregi igoko, baina maximoa 28 ºC inguruan geratu daiteke. Goizean beharbada laino batzuk egon daitezke, baina hortik aurrera eguzkia nagusituko da. Udako eguraldi peto-petoa. Dena den, bukaeran ipar-mendebaldeko haizea nagusitu daiteke eta lainoak ugaritu. Iluntze aldera zirimiri pixka bat egitea ezin da baztertu.

Igandean oraintxe ditugun datuekin iparra nagusituko da eta horrekin hodei ugari egon daiteke zeruan. Eguerdi partean ostarte batzuk zabaldu daitezke, baina arratsalde bukaerarako berriro tapatuko luke. Euria ere hasieran eta bukaeran egin dezake. Arratsaldean gainera ekaitz ikutuko zaparradaren bat izateko arriskua hor dago. Tenperatura larunbatarekin konparatuz behera, baina 25 ºC inguruan geratuko maximoa.

 Oraindik iganderako gauzak ez daude hain garbi eta aldatu daitezke, larunbataren antza gehiago hartuz, baina egin dudan iragarpena azkenengo datuekin egina dago eta gauzak dexente aldatu dira atzoko datuak kontuan hartuta

Euskal Jai egunean giro freskoa, hodeitsua eta zirimiri pixka bat.

Ostiralean Euskal jai eguna ospatuko da eta eguraldiaren nondik norakoak eman nahi ditut. Ez da eguraldi eguzkitsua espero, baina batzutan horrek ere festari lagundu egiten dio, zeren eta jendea hondartzara joan beharrean kalean ibiltzen baita.

 Beno, gaur gauerako fronte bat iritsiko zaigu eta eguraldiaren aldaketa ekarriko du. Horrela, bihar goizean euria, ipar haizea eta tenperatura freskoa nagusituko dira. Arratsaldean, zerbait arintzea posible da, frontea pasata egongo baita, baina hodeiek jarraituko dute nagusitzen.

 Ostiralean fronterik ez dugu izango, baina antizikloia Atlantikoan ipinita, ipar haizea bidaliko digu eta horrekin hodeiak izango dira nagusi. Horrela, goiz goizetik zeru estaliak eta zirimiria nagusituko dira eta gainera ipar haizearekin tenperatura fresko-fresko mantenduko da, maximoa 19 ºC inguruan geratuz. Arratsaldean, zertxobait arindu dezake, eta ostarteren bat edo beste ere zabaldu daiteke, baina une batzutan berriro ere zerua estaltzeko eta euri pixka bat egiteko aukera ezin da baztertu. Beraz, udako eguraldia ez dugu izango, baina dena den euri askorik egitea ere ez da espero. Horrelako eguraldia festaz gozatzeko nahiko aproposa izan daiteke, jendea hondartzara joan beharrean kalean geratuko baita, giro polita sortuz.

Larunbatean ere nahiko goibel ibiliko da eguraldia, eta igandetik aurrera hoberako bidea hartu dezake, baina egun dexente falta dira eta beste aukera batzuk ere badaude. Dena den, probabilitate handiena oraintxe bertan eguraldiaren hobekuntza izateko aukerak du. 

Asteburuan eguraldiak hobera egingo du.

Lehengo astean ezin izan nuen iragarpena egin, zeren eta meteorologiako tailer bat ematen egon nintzen Donostin, Miramar jauregian. Bihar berriz, Gasteizen jai da eta horrexegatik gaur egingo dut astebururako iragarpena.

 Uda pixkanaka badoa aurrera eta Euskal Herriko udan normala den bezala, kostaldean hodei ugari izaten ditugu. Nere aitak esaten duen bezala, asturiarren hitzetan “1 de agosto primer dia de invierno” eta esaldi hori Euskal Herrirako ere ez dator gaizki. Dena den, oraindik ere egingo ditu eguraldi ederrak. Esatebaterako, asteburu honetarako eta berbena de gala daukagun honetan, eguraldi ederra espero da.

Eguraldiaren hobekuntza ostiralean bertan nabarituko dugu eta eguraldi berdintsua izango dugu asteburu osoan. Beharbada, goizetan hodei batzuk agertuko dira zeruan, baina azkar samar zeruak urdin geratuko dira eta tenperaturaren gorakada ere izango dugu. Brisa ibiliko denez tenperatura maximoak 20 eta 25 ºC bitartean geratuko dira. Egunik beroena igandea izan daiteke maximoa 25 ºC-ra hurbilduz.

Beraz, berorik ez baina astebururako eguzkia eta tenperatura atseginak izango ditugu.