Ostiralean Euskal jai eguna ospatuko da eta eguraldiaren nondik norakoak eman nahi ditut. Ez da eguraldi eguzkitsua espero, baina batzutan horrek ere festari lagundu egiten dio, zeren eta jendea hondartzara joan beharrean kalean ibiltzen baita.
Beno, gaur gauerako fronte bat iritsiko zaigu eta eguraldiaren aldaketa ekarriko du. Horrela, bihar goizean euria, ipar haizea eta tenperatura freskoa nagusituko dira. Arratsaldean, zerbait arintzea posible da, frontea pasata egongo baita, baina hodeiek jarraituko dute nagusitzen.
Ostiralean fronterik ez dugu izango, baina antizikloia Atlantikoan ipinita, ipar haizea bidaliko digu eta horrekin hodeiak izango dira nagusi. Horrela, goiz goizetik zeru estaliak eta zirimiria nagusituko dira eta gainera ipar haizearekin tenperatura fresko-fresko mantenduko da, maximoa 19 ºC inguruan geratuz. Arratsaldean, zertxobait arindu dezake, eta ostarteren bat edo beste ere zabaldu daiteke, baina une batzutan berriro ere zerua estaltzeko eta euri pixka bat egiteko aukera ezin da baztertu. Beraz, udako eguraldia ez dugu izango, baina dena den euri askorik egitea ere ez da espero. Horrelako eguraldia festaz gozatzeko nahiko aproposa izan daiteke, jendea hondartzara joan beharrean kalean geratuko baita, giro polita sortuz.
Larunbatean ere nahiko goibel ibiliko da eguraldia, eta igandetik aurrera hoberako bidea hartu dezake, baina egun dexente falta dira eta beste aukera batzuk ere badaude. Dena den, probabilitate handiena oraintxe bertan eguraldiaren hobekuntza izateko aukerak du.
0 Responses to “Euskal Jai egunean giro freskoa, hodeitsua eta zirimiri pixka bat.”