Archive for Iraila, 2010

Astebururako aipagarriena hego haizea eta tenperatura altuak.

Udazkenean murgildu gara konturatu gabe eta panorama sinoptikoan hori ederki igertzen da, Atlantikoan depresiogune sakonak ikusten baitira dagoeneko. Horrela, ohikoa den bezala depresio sakon bat Britainia mendebaldean kokatuko da eta hortik hego haizea bidaliko digu, gainera beste bigarren depresio bat sortuko da Bizkaiko Golkoan astelehenerako eta horrek haizea eta itsaso zakarra ekarriko digu.

Egoera honekin asteburuan aipagarriena hego haizea izango da, eta honekin batera  tenperatura altuak.

Larunbatean, zerua nahiko garbi egongo da, nahiz eta hego hodeiak ere agertuko diren (hodei zurixkak orokorrean), baina ez dute traba handirik egingo. Hego haizea nagusituko da eta pixkanaka indartzen joango da, gauerako nahiko zakar ibili daiteke. Horrela, tenperatura maximoa izugarri igoko da eta 25 ºC-ak gaindituko dira eguerdi partean, maximoa 30 ºC-ra hurbildu daitekeelarik. Egun honetan Zakila bira egingo da eta egia esan korrika egiteko ez da izaten batere egokia horrelako bero eguna. Beraz, kontuan hartu bero egingo duela.

Igandean hego haizeak ederki mugituko ditu bazter guztiak, indarrez joko du, baina zerua ez da larunbatean bezain garbi egongo. Goiz goizetik hodeiak izango dira zeruan, lehendabizi hodei finak, baina egunak aurrera egin ahala gero eta potoloagoak, eta egunaren amaierarako euri zaparradaren bat edo beste izan dezakegu. Tenperatura goian mantenduko da, baina hodei hauekin pixka bat beherago, maximoa 26 ºC inguruan geratuz.

Astelehenean aipagarriena itsasoa izan daiteke, 5 metroko olatuekin, baina hau oraindik pixka bat urruti dagoenez, konfirmatu beharra dago.

Astebururako tenperaturaren beherakada nabarmena eta euria.

Lehengo astean Zurich-en ibili nintzen meteorologiako kongresu batean eta ezin izan nuen iragarpena egin.

Gaur udazkenean sartu gara eta oraindik tenperatura altua badugu ere, bihartik aurrera behera egingo du nabarmen udazkeneko tenperatura freskoak utziz astebururako. Gainera, euria ere egingo du, bereziki larunbatean.

Beraz, larunbatean zeru estaliarekin esnatuko gara eta euri egingo du goizean zehar (fronte ahul baten erruz). Arratsaldean, ateri uneak izango ditugu baina euria ere egin dezake edozein momentutan. Dena den, arratsaldean beti ere arinago. Tenperatura 20 ºC-tik behera, 17 ºC-ko maximoa espero baita. Ipar haizea ibiliko da agintari eta freskotasun sentsazioa areagotu egingo du.

Igandean hobera egingo du arratsaldean. Oraindik ere goizean zeru estalia eta euri pixka bat egin dezake, baina arratsaldean ostareak irekiko dira, gero eta zabalagoak. Dena den, tenpetatura oraindik larunbatean baino freskoagoa izango da eta maximoa 15 ºC inguruan geratuko da.

Beraz, udazkenean sartu eta udazkeneko giroa izango dugu, behintzat asteburu honetan.

Larunbatean eguraldi atsegina eta igandean okerrera.

Aste honetan zehar udazkeneko eguraldia izan badugu ere, berriro udako eguraldia bueltatuko zaigu bai ostiralean eta baita ere larunbatean. Udari egun gutxi falta zaizkio, baina oraindik ere udan gaudela nabarituko dugu egun hauetan.

Horrela, larunbatean eguzkia izango da nagusi hasieran eta tenperatura ere oso atsegina izango da, maximoa 23 ºC inguruan geratuz. Arratsaldean gero eta hodei gehiago agertuko da zeruan, baina goi-hodeiak izango direnez, ez dute euri konturik ekarriko. Hodei zurixkak izango dira hasiera batean.

Igandean ordea, fronte ahul batek harrapatuko du gure lurraldea eta ipar haizearekin batera hodeiak nagusituko dira. Gainera, zirimiri pixka bat ere egin dezake, nahiz eta ez den gehiegi izango. Ipar haizea fin-fin ibiliko da eta tenperaturaren beherakada nabarituko dugu, maximoa 20 ºC-ren bueltan geratuz.

Kontxako estropadarako ipar-mendebaleko haizea espero da, 10 km/h-ko batezbesteko abiadura izango duelarik. Olatuak metro bete inguruan. Beraz, ez da lehengo astean bezain bare egongo itsasoa.

Datorren astean udako eguraldia nagusituko da aukera handiz.

Gaur arratsalderako itsasoa eta astebururako iragarpena

Gaur arratsaldean jokatuko da Kontxan sartzeko estropada eta itsasoaren egoera ez da txarra izango. Ipar mendebaldeko haizea ibiliko da batazbestekoa 10 eta 15 km/h bitartean kokatuz. Olatuak metro bete inguruan. Beraz, bare-bare ere ez dugu izango itsasoa.

Bestalde, astebururako eguraldi bikaina espero da. Oro har eguzkia izango da nagusi eta tenperatura oso atsegina izango da maximoak 20 eta 25 ºC bitartean geratuz. Beharbada, igandean zertxobait beroago 25 ºC inguruan ibiliko da termometroa, baina dena den eguraldi dotorea eta bero handirik gabekoa, oso aproposa bai hondartzara joateko edo baita ere iganden Kontxara hurbildu (estropada ikustera) eta egun pasa egiteko.

 Datorren astean 7tik aurrera aldaketa garrantzitsua etorri daiteke, udazken giroa ekarri bait dezake mendebaldetik hurbilduko zaigun depresiogune batek. Honekin tenperaturaren beherakada eta euria iritsiko lirateke, haizea ere protagonista izan litekeelarik. Ikusiko dugu hori.