Archive for Azaroa, 2010

Eguraldi nahasia eta hotza.

Badator aurtengo lehenengo hotzaldia. Hotzak ez digu bete-betean harrapatuko baina hala ere hotza nabarituko dugu. Gaur arratsaldean sartuko da fronte hotza eta haren atzetik goi latitudeetako aire hotza hasiko da iristen. Elurra mendietan behera etorriko da eta Izarraitz txurituta ikusiko dugu, baina Zumaian oraingoan behintzat ez du elurrik egingo.

Iragartzeko egoera oso zaila dago, zeren eta bi aire masa ezberdinen mugan aurkitzen gara. Alde batetik ia polotik datorren aire hotza hurbilduko da iparraldetik eta bestetik behe latitudeetako aire epela hurbiduko da hegoaldetik. Horrela, Penintsula zonalde ezegonkorra bihurtuko da eta depresioak sortzeko gunea izango da. Depresio hoien azken ibilbidearen menpe geratuko da guk izango dugun eguraldia. Dena den, astebururako hotzarekin jarraituko dugu. Euriari dagokionez, ematen du egingo duela baina ez gehiegi.

Bai larunbata eta baita ere igandea antzekoak izango dira. Hodeiak nagusi izango dira, ostarteak ere ireki daitezkeen arren. Euria edozein momentutan egin dezake, eta igande arratsaldean ekaitz ikutuko zaparradaren bat ere ezin da baztertu. Dena den, litrotan ez da asko espero. Tenperatura nahiko hotza izango da. Maximoa 10 ºC-ra iritsi ezinik geratuko da 8-9 ºC inguruan eta minimoa 3-4 ºC inguruan. Haizea mendebaldetik orokorrean.

Esandakoa, iragarpen zehatza egitea kasu honetan zaila dago eta gauzak une batetik bestera aldatu daitezke. Dena den, hotza gaur arratsaldean iritsiko zaigu eta gurekin geratuko da egun batzutan.

Eguraldi makurra, bereziki igandean.

Depresio bat igaroko da Bizkaiko golkotik eta honek definituko du guk izango dugun eguraldia. Tenperatura ere beherako bidean doala ikusiko dugu datozen egunetan. Estadistikoki azaroko bigarren hamabostaldian sartzen garenean nabaritzen omen da tenperaturaren benetako jaitsiera eta oraingoan horrela izango da.

Bihar hego haizea ibiliko da agintari eta beraz hodeiak ugaritu egingo dira egunean zehar, baina ez da euririk espero. Beharbada, tantaren bat edo beste iresi daiteke, baina garrantzirik gabekoa. Hego haizea nahiko zakar ibiliko da eta tenperatura maximoa 15 ºC inguruan geratuko da.

Larunbatean fronte batek nahastuko du eguraldia euria ekarriz, baina mendebaldeko haizea ibiliko denez, nahiko zakar momentu batzutan, ostarteak ere zabaltzeko aukera egongo da egunean zehar. Gauerako berriro euri zaparradak ugaritu egingo dira. Tenperatura pixkanaka beherako bidean, maximoa 12 ºC inguruan geratuz.

Igandean euri asko egitea espero da. Lehen aipaturiko depresioa ekialdera joango da eta hortik iparraldeko haizzea bidaliko digu. Horrela egun osoan zehar euria egingo du eta momentu batzutan zaparrada mardulak izan daitezke, ekaitz eta guzti. Tenperaturak beste koska bat egingo du behera eta maximoa 10 ºC inguruan geratuko da.

Beraz, eguraldiak negu itxura hartuko du igandean eta datorren asteko hasieran.

Larunbatean hego haizea eta igandean euria.

Pasa da itsasoko denboralea. Olatu ikusgarriak utzi dizkigu eta baita ere txikizioak kostaldeko zenbait puntutan. Hurrengo egunetan itsasoa bareago ibiliko da, baina 3 eta 4 metroko olatuak ikusteko aukera izango dugu.

 Eguraldiari dagokionez hego haizea ibiliko da nagusi gaurtik hasi eta larunbat osoan zehar, gainera indarra hartuko du, bereziki larunbat arratsaldean. Larunbatean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira eta hego haizea ibiliko da goiz-goizetik giroa epeltzen. Tenperatura maximoa 21 ºC inguruan geratuko da, garai honetan ez dago gaizki. Arratsaldean haizea zakartu eta hodeiak ugaritu egingo dira, baina ez da euririk espero.

Igandean berriz erabat aldatuko da eguraldia. Fronte bat iritsiko zaigu eta haize aldaketa izango dugu, mendebal eta ipar-mendebala nagusituz. Horrekin batera euria eta tenperaturaren beherakada etorriko dira. Tenperatura maximoa 13 ºC inguruan geratuko da.

Beraz, asteburuak bi aurpegi erakutsiko dizkigu. Bata larunbatekoa, hego haizea eta tenperatura epelarekin, eta bestea igandea euria eta tenperatura freskoarekin. 

Astelehen arratsaldetik aurrera itsasoa erabat zakartuko da.

Motxo arrantzontzia dela eta, ea laister lortzen duten hortik kentzea, zeren eta astelehenetik aurrera depresio sakon batek eragingo digu, eta horrek itsasoa erabat zakartuko du. Astelehen eguerdi aldera hasiko gara nabaritzen nola olatuen altuera gero eta handiagoa den. Arratsaldean 3-4 metroko olatuak izango ditugu, hondoko itsasoa ia guztia eta iragarpenak betetzen badira, asteartean 7-8 metroko olatuak egon daitezke eta puntualki hortik gora ere bai. Beraz, Motxo ez badute gaur, bihar edo igandean ateratzen, denborale horrek guztiz desegingo du ontzia. 

Larunbat arratsaldetik aurrera eguraldiak okerrera egingo du.

Berriro ere badator asteburua eta berriro ere okerrera egingo du eguraldiak, lehengo asteburu luzean zehar gertatu zen bezala.

Fronte bat iritsiko zaigu larunbat gauean eta horrek aldaketa ekarriko du. Egia da, larunbat goiza nahiko polita izango dela oraindik, baina arratsaldean hodeiak ugaritu eta euria egingo du. Gauerako zaparradak ugariagoak izango dira. Tenperatura oraindik ere atsegina izango da, maximoa 18 ºC inguruan geratuz, baina frontea iristearekin batera tenperaturak beherako bidea hartuko du.

Igandean hodeiekin esnatuko gara, eta euria ere egingo du, baina ematen du arratsalderako arintze aldera egingo duela eta ostarteak ere ireki daitezkeela. Tenperatura ipar haizearekin dexente freskatuko da eta maximoa ez da 13 ºC-tik pasako.

Hurrengo astean depresio sakon batek eguraldia nahastu dezake, baina ikusiko dugu non kokatzen den.

Laburbilduz, larunbat goiza izango da momenturik egokiena, eta euri gehiena larunbat gauean eta igande goizean egingo du. Tenperatura beherako bidean, bereziki igandean.