Archive for Otsaila, 2011

Asteburuan zehar negu giroa bueltatuko da.

Oro har, otsaila ez da izan oso hotza, baina hotzarekin bukatuko dugu. Aire masa hotz bat iritsiko zaigu larunbatetik aurrera eta horrek tenperaturaren beherakada eta euria ekarriko digu. Gainera ekaitzak eta txingorra ere egin dezake igande bukaeran.

Larunbatean goizean goiz, oraindik ere ateri egongo da, baina eguerdi inguruan hasiko dira lehenengo tantak erortzen. Hortik aurrera, arratsaldean fronte hotz batek lagako dizkigu zaparradak. Dena den, litrotan ez du gehiegi egingo egun honetan. Bestalde, haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta indartu egingo da eguerditik aurrera. Tenperatura oraindik ere goxo samar, maximoa 15 ºC inguruan. Arratsaldean zehar giroa freskatuz joango da eta egunaren bukaeran tenperatura 11 ºC inguruan kokatuko da.

Igandean ipar-mendebaldeko haizearekin itsasoko egoera izango dugu, beraz, egun osoan zehar euria egingo du. Gainera, giroa hoztu egingo da eta tenperatura maximoa 10 ºC inguruan kokatuko da. Aipatu beharra dago, bukaeran zaparradak indartu egingo direla eta ekaitza eta txingorra ere izan dezakegula. Beraz, eguraldi nahiko petrala.

Hurrengo astean zehar ere hotza izango da protagonista. Gainera, astelehenean zehar euri asko egitea espero da, oraindik hotz gehiagorekin (maximoa 8 ºC inguruan). Beraz, Izarraitzen elurra ikusiko dugu.

Igandeko iragarpenean aldaketa.

Iganderako atzoko datuekin eguraldi eguzkitsua espero zen egun osoan zehar, baina gauzak aldatu egin dira eta fronte bat azkarrago hurbilduko zaigu mendebaldetik. Horrela, igande goiza polita izango da, baina arratsaldean hodeiak ugarituz joango dira eta arratsalde bukera aldera euri egiten hasi daiteke. Gauerako zaparrada mardul samarrak izan ditzakegu eta litro dexente pilatu daiteke. Haizeak ipar-mendebaldera egingo du arratsaldean eta nahiko indartsu joko du.

Beraz, igande arratsaldean nabarmen egingo du okerrera eguraldiak. Horrelako aldaketak iragarpenetan gertatzen dira batzutan.

Bi aurpegiko asteburua: larunbatean euria eta igandean eguzkia.

Aste honetan zehar beste dinamika batean sartu gara eta fronte batzuk iritsi zaizkigu, nahiz eta euri kontu gehiegi ez utzi. Asteburuan ere beste fronte sistema batek egingo digu bisita larunbatean.

Horrela, larunbatean zeruan hodeiak izango dira nagusi eta euria ere egingo du, bereziki eguerdi partean. Goizaldean hego-mendebaldeko haizea ibiliko da nahiko zakar eta goizean zehar mendebaldera egingo du. Tenperatura maximoa 15 ºC inguruan geratuko da. Beraz, hotzik ez baina giro iluna. Gauerako atertu eta ostarteak zabalduko dira.

Igandean frontea urruti egongo da dagoeneko eta beraz, eguzkia izango da egoeraren jaun eta jabe. Egia esan egun zoragarria espero da, gainera tenperatura ere oso atsegina, maximoa 15 ºC inguruan geratuz. Beraz, giro aproposa kanporako eta edozein plan egiteko.

Hurrengo astean ere eguraldiak ildo beretik jarraituko du, hau da fronte batzuren bisita izan dezakegu, baina ez da hotzik ikusten oraingoz.

Eguraldi aldaketa asteburuan.

Aste bikaina izan dugu otsaila bete-betean. Tenperatura maximoa 20 ºC inguruan egunero eta eguzkia eta hego haizea nagusi. Egia esan neguan gaudela ere ahaztu zaigu. Dena den, eguraldia aldatzera doa eta datozen egunetan ez dugu eguraldi dotore hau izango.

Bihartik hasita egoera aldatu egingo da. Fronte ahul bat iritsiko da goizean zehar eta euri pixka bat egingo du, ez gehiegi, baina bustitzeko nahikoa izango da. Arratsaldean hobera egingo du eta ostarteak ere irekiko dira. Haizea ipar-mendebaldetik hasieran, eta hego-mendebaldera eginez bukaeran, oro har indar handirik gabe. Tenperatura egun hauetan baino beherago, maximoa 13 ºC inguruan geratuko da.

Igandean alderantziz gertatuko da. Goizean hego haizea ibiliko da, nahiko zakar gainera, eta zeruan hodeiak izango dira nagusi nahiz eta ostarteren bat edo beste ireki daitekeen, baina arratsaldetik aurrera haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta euritara joko du. Gainera oraingoan euri zaparrada mardulak botako ditu eta euri dexente egin dezake, bereziki bukaeran. Tenperatura maximoa igo egingo da hego haizearen laguntzarekin eta 16 ºC inguruan kokatuko da, baina arratsaldean nabarmen egingo du behera eta egunaren bukaeran termometroetan 10 ºC ikusiko ditugu.

Beraz, beste dinamika batean sartzen gara eguraldiari dagokionez. Negu antza gehiago izango du, baina dena den, ez da hotzaldirik espero. Euria orain arte ez du ezertxo ere egin otsailan, eta behintzat egun hauetan hori aldatuko da.

Astebururako udaberriko giroa.

Pasa ditugu egun hotz askoak, baina berriro ere, urtarrilean gertatu zen bezala, antizikloia gure lurraldeko jaun eta jabe egingo da, eta gainera hego ikutuko haize suabe batekin tenperatura gorantz joango da.

Oro har asteburu osoan zehar eguzkia izango da nagusi zeru garbiarekin. Benetan eguraldi zoragarria espero da. Gainera tenperatura gorako bidean nabarmen. Tenperatura maximoa larunbatean 15 ºC inguruan kokatuko da eta igandean hortik gora. Tenperatura minimoa 8 ºC inguruan bi egunetan. Beraz, kanporako egun oso politak espero ditugu.

 Egoera hau hurrengo asteko hasieran ere mantentzekotan izango da. Ikusiko dugu, baina urtarrila lehorra izan da, eta otsaila ere bide beretik hasi da.