Bihar beroa albiste izango da. Hego haizea espero dugu, gainera indarra hartuz joango da egunean zehar eta bukaerarako nahiko zakar joko du. Hego haize honek tenperatura gorantz bultzatuko du eta 28 ºC-ko maximoa izan dezakegu. Ez dago gaizki garai honetarako. Dena den, hau ez da gauza arraro bat eta badaki garai honetan horrelakoak egiten. Bihar gainera eguzkia izango da jaun eta jabe eta horrek ere lagunduko du tenperatura igotzen.
Larunbatean goizean oraindik ere hego haizea izango da nagusi eta eutsiko dio oraindik. Arratsaldeak aurrera egin ahala hodeiak ugarituz joango dira eta zaparradaren batekin bukatu daiteke eguna. Gainera haize aldaketa emango da eta hegotik iparrera pasako gara. Horrek tenperaturaren beherakada ere ekarriko du, bereziki iganderako. Tenperatura maximoa 23 ºC inguruan geratu daiteke.
Igandean ipar haizearekin hodeiak izango dira nagusi eta euria ere egin dezake. Dena den, oraintxe bertan ez dago batere garbi zenbat egin dezakeen. Hori bai, tenperatura nabarmen jaitsiko da eta maximoa 15 ºC inguruan geratuko da. Beraz, aldaketa handi samarra.
Dena den, okerraldi honek ez du gehiegi iraungo eta asteartetik aurrera berriro ere giro antiziklonikoa bueltatuko da.
Aipagarria biharko tenperatura. Aprobetxatu.
Iruzkin berriak