Badatoz San Telmoak eta giro nahasia izango dugu. Horrek zer esan nahi du? Ba behintzat ez dugula eguraldi petralik espero behar. Euri aldetik ere zerbait egin dezake baina ez gehiegi eta ezta ere egun osoan zehar. Zeruan hodeiak izango ditugu baina baita ere ostarteren bat edo beste eta ateri uneak ere luzeak izango dira. Tenperatura gainera atsegina izango da, maximoak 20 ºC-ren bueltan geratuz.
Larunbatean hodeiekin esnatuko gara eta euria ere egin dezake lehen orduetan. Gero, eguerdi partean hobera egingo luke, ostarteak irekiz, eta arratsalde-gau aldera berriro ere zaparradatxoren bat izan dezakegu. Tenperatura maximoa 20 ºC-ren bueltan geratuko da.
Igande goizean ostarteak nagusituko dira, nahiz eta hodei batzuk agertu zeruan. Gero arratsaldean hodeiak ugaritu eta barnealdetik ekaitzak iristeko aukera dago. Beraz, arratsaldean zaparrada trumoitsuak izateko aukera dago. Tenperatura antzera, maximoa 20 ºC-ren bueltan.
Astelehenean hodeiak nagusituko dira zeruan, baina euri aldetik ez da gehiegi espero. Egitekotan gau aldera egingo luke. Tenperatura antzera.
Beraz, nahiz eta momentu batzutan euria egin dezakeen, eguraldia ez da gaizki portatuko. Badaki San Telmotan geratu gabeko euria egiten, eta oraingoan ez dugu horrelakorik izango. Gainera tenperatura oso atsegina izango da.
Iruzkin berriak