Archive for Maiatza, 2011

Asteburu polita orokorrean

Badator asteburua eta biharko eguraldiak nabarmen egingo du hobera. Goizean hodei batzuk egon daitezke. Gero eguzkia nagusituz joango da eta egun eguzkitsua izatea espero da. Tenperatura atsegina, brisarekin, maximoa 20 ºC inguruan.

 Igandean eguzkiarekin jarraituko dugu, baina hego ikutuko haizea ibiliko denez hasieran, tenperatura gehiago igoko da eta maximoa 25 ºC inguruan geratuko da edo agian zertxobait gehiago. Eguerditik aurrera brisa suabe bat irten daiteke eta giroa nahiko atsegina mantenduko litzateke. Gero arratsalde bukaerarako edo iluntzerako barnealdetik etorriko den ekaitzen baten bisita izan dezakegu.

Beraz, asteburu osoa kontuan hartuz giro polita.

Larunbatean ekaitz arriskua eta igandean frontexka txiki baten bisita

Asteburuan momenturik egokienak larunbat goiza eta igande arratsaldea izango dira.

Larunbatean goizean zehar ostarteak nagusituko dira. Beharbada, goizaldean hodeiak sortuko dira, baina desagertzera egingo dute. Horrela, egun polita geratuko da arratsaldera arte. Orduan ekaitzen bat izateko aukera egongo da. Probabilitatea %50ekoa da, beraz ez dago garbi ekaitza emango den edo ez, baina kontuan hartzeko probabilitatea bada. Tenperatura oso atsegina izango da, maximoa 20 ºC inguruan geratuz.

 Igandean frontexka txiki batek hodeiak lagako dizkigu eta gainera goizean zehar zirimiria ere egin dezake. Gero, arratsaldean arintzen joango da, atertu eta ostarteak irekitzen joango dira. Ipar haizea nagusituko da eta tenperatura fresko antzean ibiliko da, maximoa 18 ºC inguruan geratuz.

Nabarmenena tenperaturaren beherakada.

Asteburu honetarako nabarmenena tenperaturaren beherakada izango da. Aspaldian, ia apirila osoa eta maiatzako lehen egun hauetan udako tenperaturak izan ditugu. Egia esan apirilekoa izugarria izan da, datuak jasotzen direnetik apirila beroena aurtengoa izan da, gainera batazbestekotik 4 ºC gorago, benetan aipagarria. Ba tenperatura asteburu honetan ondo jaitsiko da eta maximoak 15 ºC inguruan edo hortik behera geratuko dira. Gainera hodeiak eta euria ere izango ditugu gure artean.

Larunbatean ipar haizea ibiliko da fin-fin, bolada gogorrekin eta hodeiak izango dira nagusi egun osoan zehar. Euria ere egingo du eta tenperatura freskoa izango da, maximoa 14 ºC inguruan geratuz.

Igandean, antzeko giroa, baina zertxobait arinago. Berriro ere hodeiak izango dira jaun eta jabe eta euria ere egingo da, baina larunbatean baino gutxiago. Iparra ibiliko da, indar pixka bat gutxiagorekin eta tenperatura antzera, maximoa 15 ºC inguruan geratuz.

Beraz, freskotasuna eta euria astebururako.

Larunbatea giro nahasia eta igandean giro polita.

San Telmotan eguraldia nahiko ondo portatu zen, nahiz eta momentu batzutan zaparrada politak bota. Orain, errepetiziotan bi egun ezberdin nabarmenduko genituzke, larunbata giro nahasiarekin eta igandea eguzkitsu.

 Larunbatean hodeiak izango dira nagusi zeruan eta hego haize zakarra ibiliko da goizean zehar, arratsaldean baretuz joango delarik. Orokorrean erdi mailako hodeiak izango dira eta hauek ez dute euri konturik lagatzen, baina ezin da baztertu zaparrada trumoitsuren bat barnealdetik Zumairaino iristea, bereziki eguerdi eta arratsaldeko lehen orduetan. Dena den, hori pasa egingo litzateke. Beraz, ez da egun euritsua izango. Tenperatura hego haizearekin goian mantenduko da, maximoa 23 ºC inguruan geratuz.

Igandean hodeiren bat edo beste geratu daiteke oraindik, baina orokorrean eguzkia nagusituko da eta hego haizeak iparrari emango dio paso arratsaldean. Dena den, tenperatura goizean ibiliko den hego haizeari esker goian mantenduko da, maximoa 25 ºC-ra iritsiz eta arratsaldean freskatuz. Egun polita benetan.

Beraz, festarako giro aproposa asteburu osoa kontuan hartuz.