Archive for Azaroa, 2011

Asteburu polita datorkigu.

Azaroa bukaeran bagabiltza ere, eguraldia ez da oraingoz garai honetan tokatzen dena. Tenperatura nahiko epelekin jarraitzen dugu eta oraingoz ez da aldaketa handiegirik nabaritzen. Beharbada, azaroaren 30etik aurrera beste kontu batzuk izango ditugu, baina urruti dago eta gauzak aldatu daitezke.

 Asteburu honetara begiratzen jartzen bagara, eguraldi polita izango dugula  esan dezakegu.

Dena den larunbatean hodeiekin esnatuko gara eta baliteke zirimiri pixka bat ere egitea, baina eguerditik aurrera ostarteak irekitzen joango dira, arratsalde polita geratuz. Gainera, tenperatura atsegina izango da, maximoa 15 ºC-ren bueltan geratuko da.

 Igandean egunsenti polita ikusiko da, zerua ia garbi, tenperatura fresko samarra hasieran, baina epelduz laister joango da eguzkiaren laguntzarekin. Hodei altu fin batzuk agertu daitezke egunean zehar zeruan, baina ez dute eguzkia estaliko. Beraz, egun dotorea. Tenperatura ere oso atsegina, berriro ere 15 ºC-ren bueltan geratuz maximoa.

Hurrengo asteko hasieran ere giro antiziklonikoarekin jarraituko dugu.

Asteburu honetan hego haizea nagusi.

Berriro ere iragarpenak egiten jarraituko dut ahal badut ostegunero. Hilabete honetan ez dut denborarik izan, baina hemendik aurrera berriro ere ahalegin honetan jarraituko dut.

Beno, aurreko asteburuan botatako euriari buruz esan, Zumaian 164 mm (edo litro metro karratuko) jaso zirela. Ez dago gaizki. Gainera, Gipuzkoako toki askotan 200 mm-tik gora jaso dira eta puntu batzutan 300 mm-tik gora. Datu hauekin ez da arraroa gertatu dena gertatzea. Egia esan, horrelako euriteak iragartzea ez da zaila eta aurreko ostegunean modeloek antzematen zuten horrelako zerbait. Hor zailtasuna xehetasunean dago, hau da, non botako duen gehien eta zenbat litro.

Asteburu hau guztiz ezberdina izango da aurrekoarekin konparatuz. Hego haizea nagusi izango da eta gainera nahiko zakar ibiliko da, bereziki larunbat arratsaldetik igande goizera. Egoera honekin tenperatura altuak eta giro lehorra nagusituko da. Zerua ez da urdin egongo, hor ibiliko baitira erdi mailako eta goi hodeiak bisitan, baina ez dute euri konturik lagako. Gainera, tenperatura maximoa 20 ºC-tik gora joango da 25 ºC-ra hurbilduz. Beraz, euririk ez, tenperatura garai honetan ohikoa dena baino gorago, eta hego haizea indartsu.