Otsaila hotzarekin hasi genuen eta badaramatzagu 9 egun horrelaxe. Gainera, oraindik ere hurrengo egunetan hotza izango da protagonista. Errusian tinko jarraitzen du antizikloiak eta Azoreetako antizikloiarekin bat egin eta bien artean ekialde eta ipar-ekialdeko fluxua sortu dute Europa osoan eta hortik iritsi zaigu ia Siberatik datorren masa aire hotza.
Ba egoerak horrelaxe jarraituko du asteburuan. Tenperatura hotza izango da benetan, baina haizea ekialde eta ipar-ekialdetik finkatuko denez, prezipitaziorik ez da espero. Egingo balu berriro ere elurra izango litzateke, baina ez du ematen ezertxo ere botako duenik. Zeruan hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira eta aipagarriena tenperatura izango da, minimoa -2 ºC-koa izan daiteke eta maximoa bai larunbatean eta baita ere igandean 3 ºC inguruan.
Hurrengo astean beharbada aldaketaren bat eman daiteke. Ematen du Azoreetako antizikloia indartu egingo dela eta Atlantikoan ipinita ipar haizea bidaliko digula. Horrekin aire masa epelxeago bat iritsi daiteke baina prezipitazio askorekin. Gainera, nahiz eta aire masa epelagoa izan, hotza izango da, zeren eta elurra 300-400 metrotik gora egin dezake. Beraz, Zumaian astelehenetik aurrera euri kontuak izango ditugu. Dena den ikusi beharra dago azkenean aire masa horren ezaugarriak zein diren eta noraino jaitsi daitekeen elurra.
Iruzkin berriak