Archive for Martxoa, 2012

Asteburuan udaberri giroa hego haizearen bisitarekin.

Aste hau negu itxurarekin pasa zaigu, baina astebururako beste aurpegi bat erakutsiko digu eguraldiak. Antizikloia berriro ere egoeraren jaun eta jabe egingo da eta gainera Europa aldean kokatuko denez, hego haizea ekarriko digu. Horrela, tenperaturaren igoera nabarmena emango da eta giro lehorra nagusituko da, hori bai zerua garbi garbi ez dugu izango, hego hodeiak hor ibiliko baitira zerua apaintzen.

Beraz, gaurtik hasita eta hilaren 28ra arte egoera berdina izango dugu, euririk gabeko egunak eta tenperatura altuak.

Bai larunbatean eta baita ere igandean giro berdintsua. Hego haizea nagusi, nahiz eta momentu batzutan brisa antzeko bat sartu daitekeen bereziki arratsaldeko lehen orduan, baina hau ez dago batere garbi. Zeruan hego hodei batzuk agertu daitezke, baina orokorrean giro argia eta tenperatura altuak hego haizearen laguntzarekin. Maximoak 20 ºC-tik gora joango dira, 23 ºC inguruan geratuz. Brisa irtengo balitz maximo hauek beherago geratuko lirateke.

Larunbat eguzkitsua eta igandean hodeiak eta zirimiri pixka bat.

Nahiz eta asteburuan ere antizikloiaren menpe jarraitu, bi aurpegi erakutsiko dizkigu eguraldiak.

Larunbatean eguzkia nagusituko da. Beharbada hodei altu zurixka batzuk agertuko dira zeruan, baina ez diote eguzkiari trabarik egingo. Egun polita izango da. Ipar-ekialdeko haizea ibiliko da bizi-bizi eta horrek freskotasuna eragingo du, tenperatura maximoa ez da 10 ºC-tik gehiegi urrunduko.

Igandean berriz, hodei baxuak nagusituko dira eta ezin da baztertu zirimiri pixka bat egitea, bereziki egunaren hasieran eta bukaeran. Tenpertura larunbatekoaren antzekoa, ipar-ekialdeko haize biziarekin.

 Eta antizikloiak hurrengo astean ere gurekin jarraituko du, eta gainera zertxobait ekialdera mugituko denez, hego ikutuko haizea suabea ekarri dezake eta tenperatura igo, maximoa 15 ºC-tik gora joan daiteke.

Epe luzerako iragarpenak aztertuz, esan dezakegu martxoa hilabete lehorra izan daitekeela, eta hurrengo egunetarako iragarpena begiratuz horixe konfirmatzen da.

Eguraldiak okerrera egingo du asteburuan.

Udaberriko giroarekin bukatu da otsaila eta horrelaxe hasi dugu gaur martxoa, baina astebururako zertxobait okertuko da eta kontuan hartu hurrengo aste hasieran berriro neguko giroa bueltatuko dela, beraz ez pentsa negua bukatu denik eta ez gorde neguko erropa oraindik.

Asteburuan giroa nahastu egingo da, bihartik hasita. Goiza polita joango da, baina arratsaldean ezegonkortasuna dela eta ekaitz ikutuko zaparradaren bat botatzeko aukera hor egongo da. Dena den, bihar goizean hego haizea ibiliko denez tenperatura maximoa asko igo daiteke ia 20 ºC-ak harrapatu arte.

Larunbatean fronte ahul batek egingo digu bisita eta euri pixka bat laga dezake arratsalde partean. Tenperatura beherako bidean, baina oraindik ere atsegina 15 ºC-ren bueltan geratuz maximoa.

Igandean hodeiak eta euria egiteko aukerarekin jarraituko dugu, bereziki goizean. Hala ere, ez da espero euri gehiegi. Tenperaturak beherako bidean jarraituko du baina oraindik ere maximoa 12 ºC-ren bueltan.

Hurrengo aste hasieran okertzea nabariagoa izango da eta orduan bai negu giroa bueltatuko dela. Adibidez, asteartean tenperatura maximoa 7 ºC inguruan geratuko da.