Archive for Maiatza, 2012

Asteburu nahiko txukuna.

Gaur brisa pixka bat sartu daiteke arratsaldean, baina orokorrean egun beroa izango da. Gero aipatu beharra dago alde batetik ekaitz arriskua, nahiz eta txikia izan, eta bestetik galerna edo enbata izateko aukera. Azken honek gertatzeko aukera handiago dauka, baina gauean izango litzateke, hamarrak edo hamaikak aldera, orduan haizeak ipar-mendebaldera egingo luke indarrez 60 km/h-ko boladekin, tenperatura jaitsiz.

Bihar goizaldean fronte baten isatsak zeharka harrapatuko gaitu, eta ez digu kalte handirik ekarriko, euri pixka bat egin dezake goizaldean eta goizeko lehen orduetan, baina hobera egingo du eguerditik aurrera, ostarteak zabalduz arratsalde partean. Tenperatura jaitsi egingo da gaurkoarekin konparatuz eta maximoa 20 ºC inguruan geratuko da.

Igandean giro lasaia izango dugu, lehen orduetan hodei baxu batzuk agertu daitezke, baina eguerdi partean ostarteak nagusituko dira hodei altu batzurekin. Tenperatura antzera, 20 ºC inguruan.

Beraz, asteburua lasaia eta nahiko txukuna. Gaur hala ere kontuz ekaitz arrisku horrekin eta bereziki enbatarekin.

Eguraldi freskoa, euria eta ekaitz arriskua.

Asteburu honetan eguraldia ez da lagun izango kanpoko ekintzak egiteko. Haizeak iparraldera egingo du, gaurtik aurrera tenperatura freskatuz, eta ezegonkortasuna ere areagotu egingo da. Horrek esan nahi du euria ere eging duela asteburu guztian zehar eta gainera batzutan zaparrada mardulak eman daitezkeela, trumoi eta guzti.

Oro har bai larunbatean eta baita ere igandean hodeiak izango dira nagusi eta euria egin dezake edozein momentutan. Gainera, esandakoa zaparrada mardulak ere eman daitezke, bereziki bihar goizaldean, gero arratsalde-gau partean, eta baita ere igande arratsaldean. Dena den oraintxe bertan zaparrada mardul horie arriskua handiagoa da larunbatean igandean baino. Bi egunetan iparra izango da nagusi eta tenperatura fresko, maximoa 15 ºC inguruan eta minimoa 10 ºC inguruan.

Hurrengo astean asteartetik aurrera egokortzera egingo du eta tenperatura berriro errekuperatzen hasiko da.

Tenperatura behera asteburuan.

Atzoko bero egun horren ondoren, ipar haizea nagusituko da asteburuan, ipar-ekialdekoa hain zuzen eta beraz, tenperatura atzokoarekin konparatuz nabarmen jaitsiko da. Atzo hego haizea ibili zen agintari egun osoan zehar, azken ordura arte, eta maximoa 34 ºC inguruan geratu zen. Itsasoko tenperaturarekin alderatuz ederra diferentzia, 20 ºC-ko diferentzia. Horrela gaueko hamaikak edo hamabiak aldera ipar-mendebaldeko haizea sartu zen 40 km/h-ko abiadurarekin eta tenperatura 5-7 ºC jaitsi zen 20 minututan. Horrela gaur goizean freskoago esnatu gara, enbata txiki baten antzekoa izan zen.

Gaur dagoeneko ez da hego haizea nagusitu, eta gainera eguerditik aurrera ipar-mendebaldeko haizea indartu egingo da eta hodeiak ugaritu egingo dira. Horrela, gaur maximoa 20 ºC inguruan geratuko da. Gainera arratsaldean, nahiz eta aukera txikia izan, ezin da baztertu ekaitzen bat barnealdetik Zumairaino iristea.

Bihar eguna nahiko goibela izango da. Hodeiak nagusi eta tenperatura fresko antzean. Maximoa 17 ºC inguruan geratuko da. Gainera goizean euria egin dezake, arratsalderako atertuz joango delarik.

Igandean hobera egingo du eta nahiz eta goizean hodeiak izan zeruan eta zirimiri pixka bat egiteko aukera hor egon, eguerditik aurrera ostarteak ireki eta eguzkia nagusituko da. Tenperatura maximoa 18 ºC inguruan .

Beraz, atzoko bero horren ondoren tenperatura normaletara bueltatuko gara asteburuan.

Larunbat arratsaldean ekaitz zaparradak eta igande goizean euri pixka bat.

Asteburu honetan ere ez gara euriaz libratuko. Momenturik okerrena larunbat arratsaldea izango da, ekaitzak espero baitira. Gainera tenperatura beherako bidean. Hemen dituzue xehetasunak:

Larunbata: Goiza lasaia izango da, hego-mendebaldeko haizearekin eta ostarteekin. Gero arratsaldean, alde batetik haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta bestetik hegoaldetik ekaitzak iritsiko dira. Horrela arratsaldean eta gauean ekaitz zaparrada mardulak eman daitezke, txingorra ere ezin da baztertu. Tenperatura maximoa goizeko hego haizearekin epela izango da 18 ºC inguruan geratuz.

Igandean giroa lasaitu egingo da, ez da ekaitzik espero, baina goizean ipar-mendebaldeko haizearekin hodeiak izango dira nagusi eta euri pixka bat egin dezake. Euri txikia izango da eta ez da gehiegi espero. Arratsaldean hobera egingo du eta atertzeaz gain ostarteak ere irekiko dira. Tenperatura freskoagoa izango da eta maximoa 15 ºC inguruan geratuko da.

Hurrengo astean tenperatura berriro ere gorantz joango da eta uda usaiko egunak izango ditugu seguruenik.