Archive for Ekaina, 2012

Freskura, iparra, hodeiak eta euria ere bai astebururako.

Atzoko beroa eta gero, iparrak hartuko du agintea eta hurrengo egunetan jaun eta jabe izango da. Horrela atzoko 36 ºC-tik igandeko 18 ºC-ra pasako gara, ederra diferentzia. Asteburuan maximoak 20 ºC inguruan geratuko dira. Horretaz aparte hodeiak ere izango ditugu, eta euria ere bai, igandean bereziki fronte bat iritsiko baita.

Bihar, San Pedro eguna, ipar haizea ibiliko da egun osoan zehar eta hodeiak izango ditugu zeruan, beharbada eguerdi aldera ostarteak ireki daitezke, baina bukaeran berriro ere estali egingo da. Zirimiri pixka bat ere egin dezake, hasieran eta bukaeran. Tenperatura maximoa 21 ºC inguruan geratuko da.

Larunbatean hodeiekin esnatuko gara eta zirimiri pixka bat ere egin dezake. Gero eguerdi partean ostarteak irekiko dira, baina arratsaldean hodeiak berriro ugarituz joango dira eta bukaeran berriro zerua estalita geratuko da. Gainera arratsalde-gau parterako ezin da baztertu ekaitzen bat izatea. Tenperatura maximoa 21 ºC inguruan geratuko da.

Igandea izango da egunik kaskarrena eta freskoena. Fronte bat iritsiko da goizaldean eta euria ekarriko digu, gainera ekaitz zaparradak ere eman daitezke. Iparra ibiliko da bizi-bizi eta tenperatura behera 18 ºC-ko maximoa izango dugu.

Beraz, atzoko hego haizea ez da asteburu honetan bueltatuko eta iparrarekin giro sanoagoa izango dugu, baina petralagoa ere bai.

Eguraldi atsegina asteburuan

Eguraldia ondo portatuko da oraingoan. Beharbada zerua ez da urdin-urdin egongo baina euririk ez dugu espero eta gainera tenperatura oso atsegina, orokorrean 20 ºC -ren bueltan.

Horrela, bihar larunbata hodei baxuren bat edo beste ibili daiteke zeruan, baina ostarteak zabalak izango dira, hodei altuak ere izango ditugu arratsalde partean, baina hauek zurixkak izango dira garrantzirik gabekoak. Egunean zehar haizea ipar-ekialdekoa izango da, brisa modura eta tenperatura maximoa 22 ºC inguruan geratuko da.

Igandea larunbataren antzekoa izango da, hodeiren bat agertu daiteke lehen orduetan, baina orokorrean ostarteak nagusi. Hodei altuak ere hor ibiliko dira zerua zetxobait apainduz. Egunez brisa eta tenperatura maximoa 23 ºC inguruan.

Beraz, hodei batzuk bai, baina udako giroa.

Asteburuan berriro ere giro kaskarra.

Badator asteburua eta fronte sistema batek bisita egingo digu. Ematen du giro hoberena eta lasaiena larunbat goizean izango dela. Baina fronte bero batek larunbat arratsaldean hodeiak eta euri pixka bat lagako digu. Gero igandean fronte hotz batek euri gehiago ekarriko digu.

Beraz, larunbat goiza polita izango da, hodei altu batzuk zeruan, baina giro atsegina. Eguerditik aurrera hodeiak gehituz joango dira eta arratsalde eta gau partean euri pixka bat egin dezake. Ez da gehiegi izango, bustitzeko nahikoa. Tenperatura atsegina izango da, maximoa 22 ºC ingurukoa.

Igandean fronte hotza iritsiko zaigu eta honek euri gehiago ekarriko digu, gainera zaparradak ere eman daitezke. Haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta zakartu egingo da eta tenperatura freskatu egingo da, maximoa 19 ºC inguruan geratuz.