Orain arte denborale ugari izan ditugu eta euri asko egin du, baina ez dugu oraindik negu honetan benetako hotzaldi bat izan, eta horixe espero da asteburu honetarako, aire masa oso hotz bat iristea gurera. Europa barrena eta Siberiako aire masa hotz eta lehorra iritsiko zaigu ostiral gauetik aurrera. Hasiera batean aire masa hau lehorra bada ere, itsasotik pasatzerakoan hezetasuna hartuko du eta larunbat gauetik aurrera prezipitazioak lagako dizkigu, seguruenik elur moduan larunbat gauean, eta igandeko lehen zatian. Gerora ikusiko dugu. Beraz, hotza izango da hizpide bihartik aurrera eta hurrengo asteko hasieran, eta gainera elurra beharbada ere bai. Oraintxe bertan Zumaian elurra egiteko aukerarik handiena larunbat gauean eta igande goizaldean eta goizean izango litzateke. Gerora, igande arratsaldean eta astelehenean oraindik ere elurra egiteko aukera hor egongo da, baina aukera hori txikiagoa izango da, epeltzera egingo baitu zertxobait.
Beraz,larunbatean goizean zehar hotza egingo du baina ateri eutsiko dio. Aipatu behar da goiza oso hotza izango dela eta izotza ere egin dezakeela, tenperatura minimoa 0 ºC ingurukoa izango baita. Goizean dena den ostarteak ere ikusiko ditugu eta eguzkia ikusteko aukera ere izango dugu, nahiz eta eguzkiak ez duen lan askorik egingo. Tenperatura maximoa 5 ºC-ra iritsiko da. Arratsaldean hodeitza ugaritzen joango da eta iluntzerako elur pixka bat egin dezake. Gauerako prezipitazio gehiago espero da eta seguruenik elur moduan egingo duenez posible da kaleak zuritzen hastea.
Igandean elurra egiteko aukerarekin jarraituko dugu goiz osoan zehar, eta baliteke gainera kaleak zuri daudela esnatzea. Gero arratsaldean botatzen jarraituko luke, baina zertxobait epeltzera egingo duenez, elurra, euria edo elur bustia egin dezake. Egun osoan zehar ekaitz zaparradak eta txingorra ere bota dezake. Giroa benetan hotza izango da, tenperatura minimoa 0 edo 1 ºC-koa izango da eta maximoa 6 ºC ingurukoa. Haizea iparraldetik ibiliko da bizi-bizi hotz sentsazioa areagotuz.
Hurrengo aste hasieran hotzarekin jarraituko dugu, baina epeltze txiki bat espero dugunez, euria izango da botatzen duena.
Beraz, esandakoa hotz bolada baten aurrean gaude eta bihar gauean hasiko gara igertzen, momenturik hotzena asteburua izango delarik. Gainera, elurra egiteko aukera handia da larunbat gauean eta igandeko lehen partean. Igandean esnatzen garenean baliteke dena zuri egotea. Ikusiko dugu.
Iruzkin berriak