Archive for the 'Albisteak' Category



Errege egunetik aurrera hotzaldi bat iritsiko da Euskal Herrira eta elurra agertu daiteke Zumaian.

Bihartik aurrera tenperatura jaisten hasiko da eta goi latitudeetatik aire masa oso hotz bat iritsiko da Euskal Herrira. Gainera ipar haizea nagusituko denez, prezipitazioa ez da faltako. Beraz, elurte benetan handiak izateko aukera dago, batez ere mendietan, baina ez hor soilik. Ematen du, hilaren 7tik aurrera kostaldean ere zuritu dezakeela, eta gainera oraingoan ipar eta ipar-mendebaldeko haizea ibiliko denez, Gipuzkoako kostaldean elurra egin dezake. Horrela, eta orain ditugun datuekin 8an edo 9an Zumaiako hondartza zurituta ikusi dezakegu. Dena den, iragarpenak aldatu daitezke eta beraz iragarpenak tentuz jarraitzeko gomendioa ematen dizuet.

Laburtuz, hotza eta elurra lagako dizkigute erregeek, baina esandakoa bereziki 7,8 eta 9an. Ikusiko dugu.

Giro hotza nagusituko da asteburuan.

Sasoi honetako lehen hotzaldi garrantzitsua iritsiko zaigu asteburuan, baina giro lehorra gailenduko dela ematen du. Europa barrena aire oso hotza mugituko da mendebalderantz eta ematen du igandean gurera ere iritsiko zaigula, baina aire masa lehorra izango denez ez dugu espero prezipitaziorik. Ekialde eta ipar-ekialdeko haizearekin hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira Zumaian (beharbada Bizkaia aldean hodei gehiago pilatuko dira eta euri pixkat egiteko aukera ezin da baztertu). Aipagarriena hotza. Udazkena nahiko epel joan da eta asteburu honetan hotza nabarituko dugu aspaldiko partez.

Larunbatean giro eguzkitsua izango dugu orokorrean, hodei altuekin, eta bukaerarako beharbada hodei gehiago. Aire hotza egun honetan hasiko da guregana iristen eta nabarituko dugu hori tenperaturetan. Tenperatura minimoa 6 ºC inguruan egongo da eta maximoa 12 ºC inguruan, ekialdeko haize finarekin.

Igandean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira eta tenperatura behera joango zaigu nabarmen. Tenperatura minimoa 3 ºC eta maximoa 6 ºC, gainera ipar-ekialdeko haize finarekin. Beraz, igandea lehor aldetik baina neguko giroa tenperaturari dagokionez.

Astelehenetik aurrera ez dago batere garbi zer gertatuko den. Alde batetik hotzak jarraitu dezake giro nahiko lehorrarekin, baina beste alde batetik, goi latitudeetan izango dugun blokeoa dela eta depresio sakonak mendebaldetik ekialderako bidea Penintsulatik egin dezakete eta horrek hego haize indartsua, tenperatura epelagoak eta euri pixka bat ekarri dezake (hori bai Penintsulako toki batzutan euri jasa izugarriak egiteko aukera egongo litzateke, bereziki mendebaldean eta zentruan). Beraz, astelehenetik aurrera zihurgabetasun handia dago.

Gaur arratsaldean eta bihar zazpi metroko olatuak egon daitezke.

Esaten nuen lehengo ostegunean aste honetarako udazkeneko lehen denboralea zetorrela, eta etorri da. Itsasoa oraindik gehiago zakartuko da gaur arratsaldean eta marea biziak direnez, ederki joko dituzte olatuek bazter guztiak. Ikusteko polita izango da baina kontuz ibili, argazkiak ateratzeko ere ederra. Olatuak 7 metrokoak izan daitezke eta puntualki zertxobait altuagoak. Haizea ere gogor dabil eta gaur gauean oraindik gehiago indartuko da, 90 Km/h-ra hurbilduz Zumaian. Gainera euria ere aipatzekoa izango da, bereziki bihartik aurrera. Hurrengo bost egunak kontuan hartuz 200 mm baino gehiago pilatzeko aukera dago, beraz euria gogotik egitea espero da. Gainera, biharkoan ekaitzak eta txingorra ere agertu daitezke.

Asteburua ere euritsua eta haizetsua izango da, olatuak ere berriro 7 metrora iritsi daitezke.

Hilabetearen aldaketarekin batera eguraldi aldaketa.

Aste honetan daukagun eguraldiak ez du hurrengo astean jarraituko. Egia esan, hilabete berriarekin eguraldiak udazkeneko itxura hartuko du eta oraingoan benetako okertzea izango da, zeren udazkena gurekin geratzeko etorriko da. Tenperaturetan ere nabarituko dugu aldaketa, baina hori igandetik aurrera izango da. Bitartean, eguraldi ikusgarri honekin jarraituko dugu.

Bihar, gaur bezalaxe, eguraldi eguzkitsua izango dugu, lainoxka txuri batzuk zerua apainduko dutelarik. Gainera, hego ikutuko haizea ibiliko da goizean eta tenperatura berriro ere 25 ºC inguruan kokatuko da. Dena den, arratsaldean brisa sartu daiteke eguraldia pixka bat freskatuz. Egunaren bukaeran fronte bat gerturatuko da eta hodeiak ugaritu egingo dira.

Larunbat goizaldean, fronte horrek tantaren bat laga dezake, baina egunean zehar eguzkia nagusituko da eta eguraldi polita eta atsegina izango dugu, tenperatura maximoa 20 ºC inguruan geratuz.

Igandea aldaketa eguna izango da. Goizean oraindik ere hego ikutuko haizearekin tenperatura epela eta hodei altuak izango ditugu, beharbada tantaren bat laga dezakete hodei hauek, baina benetako aldaketa arratsaldean zehar izango da. Fronte mardul bat iritsiko da arratsalde bukaeran eta haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta zakartu egingo da, eta ondorioz tenperatura nabarmen jaitsiko da. Beraz, euri zaparrada mardulak arratsalde bukaeran eta egunaren bukaeran izango ditugu.

Hurrengo astean udazkeneko lehen denboralea izango dugu. Haize zakarra, itsaso handia eta euria egoeraren jaun egingo dira. Beraz, badator udazkena. Aprobetxatu azken egun hauek.

Ostiralean jasotako euri kantitatea Zumaian 60 mm izan zen.

Egia esan, komentatu nuen ostegunean, ostiralak uholde arriskua izateko itxura bazuela, eta halaxe gertatu zen Bizkaiko kostaldeko eta Iparraldeko zenbait tokitan. Bereziki, Bermeon 172 mm pilatu ziren, ia guztia 4 ordutan eta gainera ordubetean 51 mm. Hor arazoak izan zituzten, baita ere Baionan 200 mm baino gehiago jaso zirelarik. Zumaian euri asko egin zuen eta 60 mm jaso ziren.

Egoera hau uda lehor baten ondoren etorri denez, ondorioak ez dira izan oso larriak, zeren eta lurrak ur asko xurgatu du, erreketara joan beharrean, baina euri aldetik gutxitan gertatzen da ostiralean gertatutakoa. Oro har, 80 mm-tik gora jaso zen Kantauri isurialdean eta Araban ere 60 mm-tik gora. Euria normal egin balu ordura arte, ondorioak larriagoak izango ziren.

Euri kantitate hau egiteko egoera aproposa izan zen. Alde batetik aire hotza goi geruzetan, depresio isolatu bat (Depresión Aislada en Niveles Altos). Behe geruzetan ipar haizea eta gainera itsasoko ura oraindik altu dagoen urte sasoia, hezetasun handia sartuz Euskal Herrira. Beraz, aire masa epela eta hezea behe geruzetan eta aire hotza goi geruzetan. Honek ezegonkortasun handia eragiten du ekaitz zaparradak eraginez eta ur-jasa handiak ekarriz.

Aste honetan antizikloia hurbilduko zaigu, baina asteazkenean igerriko ditugu bere ondorioak. Asteazkenetik aurrera eguzkia eta tenperatura atseginak izango dira nagusi (20 eta 25 ºC bitartean). Gaur eta bihar ipar haizearekin eta euriarekin jarraitu beharko dugu

Eguraldi nahasia bai bihar eta baita ere asteburuan. Olarru egunean euria egiteko probabilitatea altua da.

Egun hauetan entzun dugu “tanta hotza” komunikabide batzutan. Zer da hori? Azken finean goi geruzetan aire masa hotzez osaturiko depresio isolatu bat da, teknikoki eta erderaz DANA deitzen dena (Depresión Aislada en Niveles Altos). Honek ezegonkortasun handia sortzen du. Egun hauetan gure inguruan ibiliko da eta bere ibilbidea zehaztea oso zaila denez, iragarpena egun hauetan oso zaila da. Bakarrik esan, horrelako egoerak oso arriskutsuak direla eta batzutan euri pila bat lagatzen dutela, uholde arriskuak handituz.

Biharko modelu matematikoen irteerak aldatzen ari dira momentuero, baina oraintxe dugun irteerarekin euri asko egin dezake. Biharko 60 mm baino gehiago pilatzeko posibilitatea dago, baina zihurgabetasuna handia da. Dena den, euria egingo du egun osoan zehar,  bereziki goizean eta zaparrada mardulak eman daitezke. Haizea ipar-mendebaldetik ibiliko da eta tenperatura maximoa 17 ºC-tan kokatuko da.

Olarru egunean egoera ezegonkorrak jarraituko du eta beraz, probabilitate altuarekin euria egingo du, baina ez aurreko egunean bezainbeste. Gainera, haizea ere zakartuko da eta mendebal eta ipar-mendebaldekoa ibiliko da bolada gogorrekin (60-70 km/h).  Arratsaldean baretuz joango da. Tenperatura zertxobait altuago 19 ºC inguruan.

Igandea oraintxe bertan ematen du lasaiagoa izango dela, baina goizean oraindik hodeiak izango dira nagusi eta zirimiri pixka bat egin dezake. Arratsaldean hobera egingo du eta tenperatura 20 ºC inguruan geratuko da. Hobekuntza hau, nabariagoa izango da datozen egunetan eta hurrengo astean 21etik 25era egoera antiziklonikoa eta beraz eguzkitsua izateko probabilitatea %70ekoa da. Gainera, berriro ere udako tenperaturak izango ditugu 20 eta 25 ºC bitartean. Beraz, ez gorde oraindik hondartzarako erropak.

 Mapa honetan ikusi daiteke goi geruzetako depresio isolatua, bere erdigunea Pirineotan kokatuta (egoera arriskutsua).

dana_18092009.gif

Itsaso mugitua biharko

Bihar Kontxako kanporaketa jokatuko da Kontxako uretan eta ea Zumaiak sortea duen. Behintzat itsaso barea ez da izango eta horrekin beharbada aukera gehiago daude ustekabeak emateko.

 Arratsalderako haizea dexente baretuko da eta ipar-mendebaldekoa izango da 5 – 10 km/h-ko batazbesteko abiadura. Beraz, itsas haizea ez da izango oso garrantzitsua, baina hondoko itsasoak 2 eta 3 metro bitarteko olatuak altxatuko ditu eta honek ikuskizun polita utziko digu, zeren eta olatuak hoberen hartzen dituenak, sailkatzeko aukera handiagoak izango ditu.

Sorte on Zumaiari eta aupa Zumaia

Bapateko ziklogenesia

Irakurri dut Aemet-eko (Agencia estatal de meteorología) informea eta Zumaian 137 km/h-ko bolada bat neurtu dute, baina datu hori ez da Gipuzkoako boladarik handiena. Adibidez, Euskalmeteko Jaizkibeleko behatokian 159,5 Km/h-ko bolada neurtu da. Dena den, egia da behatoki hori 500 metroko altueran dagoela Jaizkibel mendian. Zumaiko datu hori kostaldeko beste datuekin konparatuz nahiko datu berdintsuak ikusi ditugu. Adibidez, Pasaiako portuan 134,3 km/h-ko abiadura neurtu da eta Zarautzen 127,7 km/h-koa (bi behatoki hauek Euskalmetekoak dira, Zumaikoa berriz Aemet-ekoa).

Denon ahotan ibili da adierazpen teknikoa, “ciclogénesis explosiva”, euskaraz bapateko ziklogenesia deitu diot. Zer da hori? Ba ziklogenesiak depresio bat sortzea esan nahi du eta bapatekoa (explosiva) azkar sortu dela. Hau da, depresio bat sortu zen bi aire masa ezberdinen mugan (gure latitudeetan beti gertatzen den bezala) baina normalean gertatzen dena baino azkarrago sakondu zen. Hori aire masa subtropikal epel bat eta goi latitudeetatik asko jaitsi zen aire masa hotz baten elkartzeagatik gertatu zen. Gero gainera, bere ibilbidea mendebaldetik ekialdera izan zen eta Kantauri itsaso osoa zeharkatu zuen, gure lurraldetik oso hurbil.  

Horrela, izan genuen haizetea izugarria izan zen. Egia esan, horrelako fenomenoa ez da arraroa, urtero gertatzen da, baina arraroa dena bere ibilbidea da. Aspaldian, horren gertu ez da horrelako depresiorik pasa. Nik gogoratzen dudan azkena 1999-eko abenduaren 27an gertatu zen eta izena ere jarri zitzaion, Lothar izena. Hura honen oso antzekoa izan zen, baina orduan 3 hildako izan ziren Euskal Herrian eta zauritu asko.

Horrelako fenemenoak ez dute zerikusirik hurakanekin. Hurakanak oso itsaso epela duten tokietan gertatzen dira eta ez bi aire masa ezberdin elkartzeagatik, baizik eta ur lurrun asko kondentsatzen denean, orduan askatzen den beroak (calor latente) atmosfera ezegonkortzen duelako. Hau da, hurakanen elikagaia itsaso beroak dira, eta bereziki toki horietan lurrunketagatik dagoen ura gas egoeran.

Zikloi hitzak esan nahi duena da presio gutxiko gune bat dagoela. Beraz, kasu honetan terminu hau ondo erabilia dago, baina ez da nahastu behar Japonen zikloi hitzarekin adierazi nahi dutenarekin. Japonen zikloi hitza hurakan hitza bezalaxe erabiltzen dute. Beraz, gure kasuan ez da hurakanik izan, baina bai bapateko ziklogenesia, hau da zikloi bat sortzea eta azkar sakontzea. Larunbateko zikloiaren erdigunean 1001 mb izatetik 963 mb izatera pasa zen 24 ordutan eta bapateko ziklogenesia erabiltzeko 20 mb baino gehiago sakondu behar da 24 ordutan, beraz ondo erabilita dago terminu hori.

 Ez dakit garbi utzi dudan zerbait, baina nahi duzuen guztia galdetu eta saiatuko naiz argiago adierazten.

Haize boladek 120 km/h-ko abiadura gainditu dezakete bihar gaua eta larunbat goiza bitartean.

Kontuz haizearekin. Depresio sakon bat oso hurbil pasako da eta honek hego-mendebaldeko haize bortitza eragingo du bihar gauean eta gero ipar-mendebaldera egingo du. Biraketa momentuan haizea asko indartu daiteke eta kalteak eragin ditzake. Beraz, kontuz. Kalera erori daitezkeen gauza guztiak ondo lotu.

Depresio horren mugimendua zaindu beharra dago, zeren bere ibilbidea pixka bat aldatzen bada hobera edo okerrera egin dezake egoerak, baina momentu honetan 120 km/h-ko boladak espero daitezke.

Gainera, itsasoa era asko zakartuko du haize honek eta olatu handiak espero dira momentu horretan. 8 edo 9 metroko haize olatuak egon daitezke. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4 metroko olatuak altxatuko ditu, baina haize indartsu horrek esandakoa handiagoak.

Isobara mapa ikustea gustatzen zaizuenentzat hemen duzue mapa eta depresioa ikusi dezakezue gure tokitik gertu.

slp_24012009_00.gif

Haizea izango da protagonista hurrengo egunetan, itsasoa zakar eta euria ere egingo du.

Depresioak eta fronteak abiadura handian ari dira mugitzen mendebaldetik ekialdera, bere ohiko ibilbidean, eta horrela jarraituko dute hurrengo egunetan. Horrela, haizea indartsu ibiliko da egun guztietan, baina batez ere ostiral eta larunbat bitarte horretan. Gau horretan depresio sakon bat oso hurbil pasako da eta haize boladek 120 km/h harrapatu dezakete Zumaian. Beraz, kontuz haizearekin eta kalera erori daitezkeen gauza guztiak ondo finkatu.

Gaur haizea hego-mendebaldetik indartsu ibiliko da eta arratsaldean mendebaldera egingo du, indarrarekin jarraituz. Euria ere egingo du, bereziki arratsaldean. Tenperaturak nahiko epel.

Bihar haizea ibiliko da ipar-mendebaldetik hasieran, gero hego-mendebaldera eginez. Euria dexente egingo du goizean eta gero pixkanaka hobera egingo du. Tenperatura epeletik. Kontuz haizearekin. Gauean zakartu egingo da eta batez ere larunbat goizaldean haizeak ipar-mendebaldera egiten duenean haize oso bortitza izango dugu. Gainera, momentu horretan itsasoa oso zakar egongo da eta 8 metroko olatuak edo handiagoak egon daitezke. Beraz, denborale handia dator gau horretarako eta kontuz ibili. Haize boladek 120 km/h-ko abiadura gainditu dezakete.

Larunbatean euri dexente egitea espero da eta haizea pixka bat baretuz joango de eguerdi aldera. Tenperaturak goizaldean beherakada izugarria izango du (galernetan gertatzen den bezala), 18-19 ºC-tik 10 ºC-ra jaitsiko da eta beraz, larunbatean tenperatura nahiko hotza izango dugu.

Igandean hego-mendebaldeko haizea indartsu, mendebaldera eginez eta euria ere bai arratsaldean.

Laburtuz, asteburu haizetsua. Gainera, euritsua ere izango da bereziki larunbata. Beraz, etxean geratzeko moduko eguraldia. Itsasoa ere zakarra izango da, bereziki bihar gauean eta larunbat goizaldean.

« Previous PageNext Page »