Archive for the 'Iragarpenak' Category

Giro nahasia

Egia esan astebururako iragarpena egitea momentu honetan nahiko zaila dago, zeren eta egoera oso ezegonkorra da eta aldaketa txiki batzuk eragin handia izan dezakete eguraldian. Dena den, garbi dagoena horixe da, giro ezegonkorra izango dugula. Giro honekin, badakizue ez duela euria gelditu gabe egiten, ordu polit ugari izaten ditugu, baina ezin gara fidatu. Eguzkia ikusten duzuenean ez fidatu, hortik denbora gutxira zaparrada bat eman daiteke eta, bereziki arratsaldeetan egongo da aukera handiagoa. Sinboloen bidez adieraziko bagenu, denetik agertuko litzatekeen sinboloa erabiliko genuke, eguzkia, hodeia eta euria, tximista eta guzti (hau da arraultza prejitua euria eta tximistarekin). Orain daukagun informazioaren arabera hauxe izango genuke pixkat zehatzago.
Larunbatean hodeiak nagusituko lirateke eta zaparradak emateko aukera izango da, aukera handiagoz goizaldean eta gero arratsaldean. Tenperatura fresko antzera 15 ºC-ko maximoarekin eta haizea mendebaldetik.
Igandean, hodeiak izango dira baita ere nagusi, eta euria egingo du bereziki goizean. Arratsaldean ostarte politak ireki daitezke. Tenperatura antzera 15 ºC inguruan.
Beraz, giro nahasia, baina horrek ez du esan nahi ordu politak egongo ez direnik.

Asteburuan fresko eta hodei dexente, bereziki igandean

Badator berriro ere asteburua eta eguraldia ez da oso gaizki portatuko. Atlantikoan dagoen antizikloia guregana hurbilduko da eta ez die fronteei gurera etortzen lagako, baina bestalde antizkloi horrek iparra sartuko digu eta horrekin eguraldi freskoa eta hodeitsua izango dugu, hodei baxuak izango dira eta uneren batean zirimiri pixka bat laga dezakete baina ez litzateke askorik izango. Gainera, larunbatean ostarteak ikusteko aukera ere izango dugu, bereziki eguerdi eta arratsalde partean.

Beraz, larunbatean hodeiekin esnatuko gara eta baliteke zirimiri pixka bat egitea goizaldean, baina goizean zehar ostarteak zabaldu eta eguzkia ikusteko aukera izango dugu.Arratsaldea nahiko eguzkitsua geratu daiteke orain ditudan datuekin. Giroa fresko antzera, 15 ºC-ko maximoa izango dugu eta iparra ibiliko da indar handirik gabe.
Igandean, beharbada larunbatean baino hodei gehiago izango dugu eta zirimiria egiteko aukera handiagoa da. Dena den eguerdi partean eta arratsaldeko lehen orduetan baliteke ostarteren bat zabaltzea, baina larunbatean baino zailagoa izango da. Tenperatura antzera, 15 ºC eta haizea iparraldetik.

Asteburuan berriro ere negua bueltan.

Aldaketa handiak ematen dira udaberriko hilabeteetan eta bereziki apirilean eta horrelaxe izango da oraingoan ere. Atzo eta gaurko eguraldia udakoa eta asteburuan berriz negua itzuliko da, ederra aldaketa. Islandia aldean dagoen aire masa hotz bat iritsiko zaigu, ipar haizearen laguntzarekin eta tenperatura izugarri jaitsiko da. Egun hauetako 25 ºC-ak 10 ºC-tan geratuko dira ozta-ozta. Gainera euria ere egingo du eta ezin da baztertu ekaitzak eta txingorra ere izatea. Mendietan elurra 700-800 metrotik gora.

Larunbatean zaparradak botako ditu, bereziki egunaren lehen zatian. Gero ematen du zertxobait hobera egingo duela. Esan dudan bezala, ekaitz zaparradak eman daitezke eta txingorra ere egin dezake. Haizea iparraldetik ibiliko da nahiko bizi eta tenperatura hotza izango da. Maximoa 9 ºC-ren bueltan.
Igandean alderantziz ematen du izango dala, hau da, lehen zatia nahiko ateri eta arratsaldetik aurrera zaparradak. Iparra ibiliko da baita ere agintari eta tenperatura antzera, 10 ºC-ren bueltan maximoa.
Gero datorren astean oraindik ere tenperatura hotzekin jarraituko dugu, baina pixkanaka epeltzera egingo du. Dena den, egoera nahiko zaila dago iragartzeko zeren eta Penintsulan goi geruzetan aire masa hotz bat maantenduko da eta honek ezegonkortasuna eragingo du, eta gainera aldaketa txiki batzuk egoera erabat aldatu dezakete, eta horrexegatik zaila dago iragartzea. Esate baterako astelehenean ematen du euria egin dezakeela, baina aukera oso ezberdinak daude, euri gutxi egitetik euri pila bat egitera pasa gaitezke, aldaketa txiki batzurekin, beraz horrelakotan xehetasunak ezin dira iragarri ia aurrekok egunera arte.

Repetiziotan uda giroa.

Lehengo asteburuan neguko giroa izan genuen hasieran, baina ederra aldaketa emango du eguraldiak aste baten barruan. Oraingoan udako giroa nagusituko da, euririk gabe eta 20 ºC-tik gorako tenperaturarekin.

Larunbatean hodei altuak izango dira zeruan, baina hodei zurixka hauek ez dute ondoriorik izango. Hego haizea ibiliko da, nahiz eta arratsaldeko lehen orduetan brisa sartu daitekeen. Egoera honekin, tenperaturak kriston gorakada izango du. Tenperatura maximoa 23 ºC inguruan geratuko da, brisak pixka bat frenatuko baitu igoera.

Igandean eguzkia izango da nagusi eta baita ere hego haizea. Momentu batzutan nahiko zakar joko du, eta giro beroa nagusituko da. Gainera larunbatetik iganderako gaua ere tropikala izango da, 15 ºC-tik gora, eta seguruena 20 ºC inguruan. Igandean egunez tenperatura asko igoko da 28 ºC-raino iritsi arte, beraz beroa.

Beraz, asteburu honetako ezaugarriak, hego haizea, beroa eta eguzkia. Ondo pasa!!!

San Telmotan euria ez da faltako.

Badatoz San Telmoak eta ia beti bezela, euria ez da faltako. Dena den, igandea nahiko polita geratu daiteke. Okerrena bihar eta larunbatean izango da. Euria eta neguko tenperatura. Hemen daukazue iragarpena egunez egun.

Ostirala, 5: Itsasoko egoera izango dugu eta euria nagusituko da. Gainera, momentu batzutan mardul bota dezake, eta ezin da baztertu ekaitz ikutuko zaparradak ere izatea, txingor eta guzti. Egun osoan zehar egin dezake euria. Tenperatura asko jaitsiko da.
Tenp min: 4 ºC
Tenp max: 7 ºC

Larunbata, 6: Euri asko espero da bereziki goizaldean eta goiz partean. Ekaitz ikutuko zaparrada mardulak bota ditzake txingor eta guzti. Ipar-mendebaldeko haize zakarra izango dugu eta tenperatura hotza izango da. Arratsaldean euri gutxiago egingo du eta ematen du gauerako atertzera egingo duela.
Tenp min: 4ºC
Tenp max: 8 ºC
Igandea, 7: Goizaldean eta goizean ateri eutsiko dio eta ostarte politak zabalduko dira. Arratsaldean hodeiak ugarituz joango dira eta gauerako (arratsaldeko zortziretatik aurrera edo) euria ekarriko digu beste fronte batek. Tenperatura asko goxatuko da.
Tenp min: 6 ºC
Tenp max: 14 ºC
Astelehena, 8: Berriro ere euria nagusituko da, bereziki goiz partean. Gero arratsaldean hobera egingo du, baina oraidik ere euria egin dezake.Tenperatura beherako bidean.
Tenp min: 7 ºC
Tenp max: 12 ºC

Laburbilduz, momenturik hoberena igandea, eta larunbatetik iganderako gaua ere euririk gabekoa izango da. Ostirala eta larunbata negu giroa eta astelehena euria baino giro goxoagoa.
Ondo pasa San Telmoak

Asteburu nahasia. Larunbata baleko, baina igandean euri giroa nagusituko da.

Nahiko nahasia dator eguraldia hurrengo egunetarako, eta horrek iragarpena zailtzen du. Dena den, larunbata nahiko ondo portatuko dela ematen du, baina igandean haizeak ipar-mendebaldera egin eta euritara joko du. Tenperatura garai honetako balioetan kokatuko da.

Larunbatean oraindik ere hego haizea ibiliko da, lehenengo zatian behintzat, eta hodei batzuk agertuko badira ere ostarteak ikusteko aukera izango dugu. Gero arratsaldean hego haizeak indarra galduko du eta hodei eta ostarteen borrokak jarraituko du, baina ezin da baztertu arratsalde-gau partean zaparrada trumoitsuren bat izatea. Tenperatura atsegina izango da, maximoa 17 ºC inguruan geratuko da.

Igandean okerrera egingo du. Hodei ugari izango da zeruan, eta euria ere egingo du, momentu batzutan nahiko mardul, ekaitz zaparradak ere eman daitezke. Haizea ipar-mendebaldetik finkatuko da eta tenperaturak beherako bidea hartuko du.

Beraz, larunbata aprobetxatzeko moduko eguraldia, igandean berriz ilun eta busti.

Giro nahasia

Atzean lagako dugu izan dugun hotz bolada labur hau eta bihartik aurrera berriro ere hego haizeak hartuko du agintea, dena den ez denbora askorako, igandean haize aldaketa emango baita, eta hortik aurrera mendebala nagusituko da giro nahasi eta freskoarekin.

Larunbata nahiko dotore hasiko da. Hodei altuak ibiliko dira zeruan, baina hodei hoien artetik eguzkiak muturra azalduko du. Hego haizea ibiliko da agintari hasieratik eta nahiko indartsu, gainera arratsalde-gau parterako zakartu egingo da eta boladaka gogor joko du. Gainera, arratsaldean hodeiak ugarituz joango dira eta hodei potoloagoak iritsiko direnez euri tanta batzuk izateko aukera hor egongo da, baina askorik ez da izango. Tenperatura hego haizearen eraginarekin gora joango da eta maximoa 16 ºC-ra iritsiko da.

Igandean goizean zehar hego haizearekin jarraituko dugu, gainera indarrarekin jarraituko du baina baretzera egingo du eguerdirako. Bestalde, hodei ugari egongo da zeruan eta euri pittin bat egin dezake. Eguerditik aurrera haizea aldatu eta ipar-mendebala nagusitzen hasiko da eta gainera fronte baten bisitarekin, eguraldiak euritara joko du, dexente egin dezake.Tenperaturak beherako bidea hartuko du, baina hala ere maximoa aurreko egunekoaren antzekoa izango da, hots 16 ºC. Kontuan izan gauerako ipar-mendebalarekin asko freskatuko duela.

Hurrengo astea giro nahasiarekin eta ezegonkorrarekin hasiko dugu. Tenperatura ere freskoa izango da.

Asteburuan oraindik ere hego haizea nagusi

Aste honetan hego haizea dabil agintari eta horrelaxe bukatuko dugu astea. Dena den tenperatura zertxobait jaitsiko da asteburuan zehar, baina hala ere tenperatura epelak izango ditugu. Bestalde, ezegonkortasuna areagotu egingo da bereziki igande arratsaldean. Baina ez gorde oraindik jertse potoloak eta abriguak, zeren eta hurrengo astean probabilitate handiarekin gainera, berriro ere negua itzuliko baita, asteartetik aurrera. Astearte gauerako elurra kostaraino jaitsi daiteke, ikusiko dugu, oraindik egun asko falta dira, baina hau gertatzeko probabilitatea handia da.

Beno asteburura bueltatuz hau da iragarpena:

Larunbatean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira eta euri zaparradaren bat edo beste ere bota dezake, hala ere eguzki ordu politak izango ditugu. Hau da, pixka bat denetik baina seguruenik gehiago hobetik txarretik baino. Hego mendebaldeko haizea ibiliko da momentu batzutan indarrarekin, tarteka mendebala sartu daitekeelarik. tenperatura maximoa 18 ºC inguruan, epel-epel.

Igandean ere antzeko giroa. Dena den, goizean ostarte politak ikusteko aukera izango dugu, baina arratsalderako okerrera egingo du, hodeiak ugaritu egingo dira eta euri zaparradak ere eman daitezke, momentu batzutan ekaitz ikutuarekin. Tenperatura oraindik ere epel 17 ºC inguruan maximoa.

Beraz, oraindik ere epel eta hego haizea, baina kontuan izan hurrengo astean, asteartetik aurrera negua datorrela berriro.

Eguraldi polita asteburuan eta tenperatura errekuperatuz.

Pasa da dagoeneko hotz bolada, eta azkenean Zumaian ez du zuritu, baina hotza eta elurra edo elur bustia izan ditugu. Ba hemendik aurrera atzean lagako dugu hotzaldi hau eta astebururako aurpegi atseginagoa erakutsiko digu eguraldiak. Ez da euririk espero eta eguzkia nagusituko da orokorrean, nahiz eta hodei batzuk agertu daitezkeen, baina garrantzirik gabekoak.

Larunbatean eguzkia nagusituko da eta eguraldi polita izango dugu, gainera haizerik gabe giro atsegina geratuko zaigu. Tenperatura maximoa 10 ºC-ren bueltan geratuko da, hori bai gauean eta lehen orduetan hotz egingo du, minimoa 5 ºC ingurukoa izango delarik.

Igandean eguraldi politarekin jarraituko dugu, baina hego haizea agertuko da eta gainera indartuz joango da. Hodei batzuk agertu daitezke, baina orokorrean giro eguzkitsua. Tenperatura igo egingo da hego haizearen eraginez eta maximoa 15 ºC ingurukoa izango da. Tenperatura minimoa oraindik ere nahiko hotza izango da 5 ºC inguruan geratuz.

Beraz, giro polita asteburuan. Hurrengo asteko hasieran hego haizea izango da agintari eta horrekin badakigu, tenperatura gorantz, hodeiak baina ia euririk ez.

Badator benetako hotzaldia eta elurra beharbada ere bai

Orain arte denborale ugari izan ditugu eta euri asko egin du, baina ez dugu oraindik negu honetan benetako hotzaldi bat izan, eta horixe espero da asteburu honetarako, aire masa oso hotz bat iristea gurera. Europa barrena eta Siberiako aire masa hotz eta lehorra iritsiko zaigu ostiral gauetik aurrera. Hasiera batean aire masa hau lehorra bada ere, itsasotik pasatzerakoan hezetasuna hartuko du eta larunbat gauetik aurrera prezipitazioak lagako dizkigu, seguruenik elur moduan larunbat gauean, eta igandeko lehen zatian. Gerora ikusiko dugu. Beraz, hotza izango da hizpide bihartik aurrera eta hurrengo asteko hasieran, eta gainera elurra beharbada ere bai. Oraintxe bertan Zumaian elurra egiteko aukerarik handiena larunbat gauean eta igande goizaldean eta goizean izango litzateke. Gerora, igande arratsaldean eta astelehenean oraindik ere elurra egiteko aukera hor egongo da, baina aukera hori txikiagoa izango da, epeltzera egingo baitu zertxobait.

Beraz,larunbatean goizean zehar hotza egingo du baina ateri eutsiko dio. Aipatu behar da goiza oso hotza izango dela eta izotza ere egin dezakeela, tenperatura minimoa 0 ºC ingurukoa izango baita. Goizean dena den ostarteak ere ikusiko ditugu eta eguzkia ikusteko aukera ere izango dugu, nahiz eta eguzkiak ez duen lan askorik egingo. Tenperatura maximoa 5 ºC-ra iritsiko da. Arratsaldean hodeitza ugaritzen joango da eta iluntzerako elur pixka bat egin dezake. Gauerako prezipitazio gehiago espero da eta seguruenik elur moduan egingo duenez posible da kaleak zuritzen hastea.
Igandean elurra egiteko aukerarekin jarraituko dugu goiz osoan zehar, eta baliteke gainera kaleak zuri daudela esnatzea. Gero arratsaldean botatzen jarraituko luke, baina zertxobait epeltzera egingo duenez, elurra, euria edo elur bustia egin dezake. Egun osoan zehar ekaitz zaparradak eta txingorra ere bota dezake. Giroa benetan hotza izango da, tenperatura minimoa 0 edo 1 ºC-koa izango da eta maximoa 6 ºC ingurukoa. Haizea iparraldetik ibiliko da bizi-bizi hotz sentsazioa areagotuz.
Hurrengo aste hasieran hotzarekin jarraituko dugu, baina epeltze txiki bat espero dugunez, euria izango da botatzen duena.
Beraz, esandakoa hotz bolada baten aurrean gaude eta bihar gauean hasiko gara igertzen, momenturik hotzena asteburua izango delarik. Gainera, elurra egiteko aukera handia da larunbat gauean eta igandeko lehen partean. Igandean esnatzen garenean baliteke dena zuri egotea. Ikusiko dugu.

Next Page »