Archive for the 'Iragarpenak' Category



Iritsi zaigu Siberiako aire masa hotza Euskal Herrira.

Dagoeneko hementxe daukagu hotz bolada. Tenperaturak nabarmen jaitsi dira eta horrelaxe geratuko dira igandera arte. Azkenean iritsi zaiguna ez da izango 1956an gertatu zenaren antzekoa, zeren eta aukera hori bazegoen orain dela 3 egun genituen iragarpenetan, baina hala ere iritsi zaiguna ez da iristen urtero.

Tenperaturak oraindik ere beherago joango dira bihar eta bereziki larunbat goizean.

Zumaian izango ditugun tenperaturak:

Bihar, ostirala: tmin: -3 ºC  tmax: 3 ºC

Larunbatean: tmin: -5 ºC  tmax: 5 ºC

Igandean: tmin: 3 ºC  tmax: 9 ºC

Beraz, momenturik hotzena larunbat goiza izango da. Ostiral eta larunbata bitarteko gau horretan zerua nahiko garbi geratu daitekeela ematen du eta horrexegatik tenperatura minimoak behea joko du. Zumaian horrelako tenperatura orain dela aspalditik ez da izan. 1985eko urtarrilaren 6an -6 ºC izan genuen Zumaian eta ordutik ez da tenperatura hori izan. Larunbat honetan balio horretara hurbildu daiteke.

Elur kontuak berriz gaur arratsaldean oraindik egin dezake, baina bihar ez da prezipitaziorik espero, beharbada goizaldean zertxobait. Arratsaldean ostarte zabalak irekiko dira.

Larunbatean eguna argi hasiko da, tenperatura baxuekin, baina goizean zehar estaltzen joango da eta eguerditik aurrera prezipitatzen hasiko da. Ematen du hasieran elurra izango dela, baina pixkanaka elur bustia izango da eta bukaeran euritara joko du. Tenperatura goiz hotz baten ondoren, pixkanaka errekuperatzen joango da.

Igandean fronte bero batek euri asko ekarriko digu, baina beste aldetik tenperatura asko igoko da. Beraz, igande euritsua espero dugu.

Hurrengo astean berriro ere Europako aire hotza sartu daiteke berriro eta tenperaturaren beherakada handia ekarri berriz ere, baina hori ikusiko dugu.

Giro umela asteburuan.

Gaur fronte bero batek hodeiak eta euri pixka bat ekarri dizkigu eta horixe izango da asteburuko panorama, hau da hodeiak eta euria. Egia esan, bihar espero da egun euritsuena izatea litrotan, baina asteburuan ere euria izango da nagusi, nahiz eta litrotan gutxi bota.

Bihar, bereziki Donostira edo Azpeitira joan nahi dutenek, kontuan hartu egun euritsua izango dela. Haizea ipar-mendebaldetik finkatuko da garbi asko eta gainera fronte hotz bat iritsiko da goizean. Horrela euri gehien goizean espero da, baina arratsaldean ere euria egiten jarraituko du. Tenperatura ez da hotza izango, gauden garairako epel samarra esango nuke nik. Maximoa 13 ºC inguruan geratuko da.

Asteburu osoan zehar ipar-mendebala nagusi izango denez, giro bustia izango da nagusi. Hori bai, litrotan ez du askorik botako, baina umel antzean pasako dugu asteburu osoa. Tenperatura aldaketa handiegirik gabe, 12-13 ºC inguruan geratuz maximoa.

Epe ertainera begira ez da ikusten hotzaldi garrantzitsurik.

Asteburu nahiko txukuna

Ematen zuen aldaketa etorriko zela astebururako, baina azkenengo irteerak gure lurralderako ez dute aldaketa nabarmenik ikusten. Horrela, egoera antiziklonikoarekin jarraituko dugu. Litekeena da hodei gehiago ikustea zeruan hodei altuak izango dira gehien bat, eta hauek ez dute giroa gehiegi aldatuko. Asteburu osoan zehar ez da euririk espero (seguruenik zertxobait egin dezake astelehenean baina gauza gutxi).

 Larunbatean ipar ekialdeko haizea nagusituko da eta giroa hotza izango da. Gauez tenperatura 5 ºC-tik behera joango da eta egunez nekez iritsiko da 10 ºC-ra. Zeruan hodei batzuk bai, baina eguzkiak hartu beharko luke agintea, lanbro edo behe-lainoak usten badio.

 Igandean beharbada hodei gehiago, baina berdintsu. Gainera, hego ikutuko haizeak nahiko du muturra sartu eta horrek tenperatura zertxobait epelduko du, maximoa 13 ºC inguruan geratuz. Tenperatura minimoak zertxobait gorago, 6-7 ºC inguruan.

 Hurrengo astean ere antizikloia nagusituko da seguruenik, asteartetik aurrera. Oraingoz elur kontuak eta ez dira ikusten, baina hilaren 19 tik aurrera aukera batzuk ikusten dira. Ikusiko dugu.

Erregeek euria ekarriko dute.

Gaur gauean fronte bat iritsiko da eta gainera ipar-mendebaleko haizea zakartu egingo da, baita itsasoa ere. Horrela, gauerako euritara joko du. Dena den, arratsaldean ez da euri askorik espero, egitekotan zirimiri pixka bat izango da, baina erregeen kabalgata zertxobait estropeatu dezake.

Bihar egun euritsua izango da, bereziki goizean, baina arratsaldean ere egingo du. Litro dexente pilatu daiteke. Ipar-mendebaldeko haizearekin jarraituko dugu, gainera oraindik ere goizean zehar zakar samar ibiliko da, arratsalderako baretuz. Tenperatura maximoa 13 ºC inguruan geratuko da, gauden garairako tenperatura epel samarra, nahiz eta sentsazioa hezetasunarekin batera freskoarena izan.

Asteburuan oro har hodeiak izango dira nagusi eta euria egiten jarraitu dezake baina bihar baino askoz ere gutxiago. Dena den, ez dugu hobekuntzik nabarituko. Tenperatura aldaketa handiegirik gabe 11-12 ºC inguruan maximoa.

Beraz, asteburu kaskar samarra. Gerora antizikloia gure gainera etorriko da eguraldi egonkorra ekarriz, baina hori 10etik aurrera izango da, hau da, asteartetik aurrera. Beraz, ez da epe motxean hotzik eta elur konturik ikusten. Urtarrileko bigarren hamabostaldirako aukera gehiago ikusten dira bolada hotzen bat gurera iristeko, baina ikusiko dugu.

Eguberri eguzkitsua.

Iritsi dira gabonak eta eguraldi lasaia izango dugula ematen du. Fronte batek euri pixka bat lagako digu 23 eta 24ko gauean, baina hortik aurrera antizikloia jaun eta jabe izango denez, giro eguzkitsua nagusituko da. Hori bai, garai honetan horrelako egoeretan gau hotzak izaten dira, baina egunez zertxobait epelduko du, bereziki 26an eta 27an, hego ikutuko haizea ibiliko baita. Gainera urtea litekeena da horrelaxe bukatzea, hau da giro egonkorrarekin, baina hori ikusiko dugu.

Beraz, 24an fronte horren hondarrekin hasiko dugu eguna, hau da hodeiekin eta euri pixkatekin, baina pixkanaka hobera egingo du. Horrela, arratsaldean ostarteak izango dira nagusi (gabon koruan kantuan ibiltzeko egokia). Tenperatura hotz antzean, maximoa 10 ºC-ren bueltan (garaiko tenperatura).

Gabon gauean zerua urdin geratzea espero da eta tenperatura beherantz joango da, gaua hotza izango delarik. Horrela eguberri eguna hotz hasiko da, minimoa 3 ºC-ren inguruan geratuz. Bestela, eguna dotore joango da, zeruak urdin jarraituko du eta haizea bare, hegoaldeko ikutuarekin arratsalde partean. Horrela maximoa epelduko da, baina hala ere ez da gehiegi igoko 10 ºC-ren bueltan geratuz.

Eta esandakoa ia urte bukaera arte eguraldi berdintsua, giro egonkor eta lehorra, garaiko tenperaturekin.

Gabon zoriontsuak pasa!! 

Bihar eguraldi aldaketa nabarmena.

Orain arte azaroa nahiko bare eta epel joan da lehenengo asteburu hura kenduta (uholdeak izan ziren asteburua), baina bihar udazken itxura hartuko du eguraldiak. Fronte batek ipar-mendebaldeko haizea, euria eta tenperatura freskoak ekarriko dizkigu. Gainera, lehenengo elur geruza ikusi ahal izango dugu mendi puntetan, 1300 metrotik gora. Dena den hurrengo egunetarako ez da ikusten hotzaldirik.

Beraz, bihar eguraldi kaskarra, baina asteburuan zer?

 Asteburuan egoerak baretzera egingo du, baina mendebaldeko haizeareki hodei jarioa hor izango da. Horrela, asteburu osoan zehar hodeiak izango dira nagusi. Horrek ez du esan nahi asteburu osoa eguzkirik gabe pasako dugunik, zeren eta noizbehinka eguzki izpiak ikusteko aukera izango da, baina esandakoa orokorrean hodeiak. Euria ere egin dezake asteburu osoan zehar, baina ez askorik. Tenperatura fresko antzean, baino hotzik gabe.

Hurrengo astean ere giroak ildo beretik jarraituko du. Gainera, astelehenean fronte batek euri gehiago lagako digu, eta asteartean eta asteazkenean euri egiten jarrituko dezake, baina ez gehiegi. Gero, beharbada giroak egonkortu egingo da, baina hori urruti dago.

Asteburu polita datorkigu.

Azaroa bukaeran bagabiltza ere, eguraldia ez da oraingoz garai honetan tokatzen dena. Tenperatura nahiko epelekin jarraitzen dugu eta oraingoz ez da aldaketa handiegirik nabaritzen. Beharbada, azaroaren 30etik aurrera beste kontu batzuk izango ditugu, baina urruti dago eta gauzak aldatu daitezke.

 Asteburu honetara begiratzen jartzen bagara, eguraldi polita izango dugula  esan dezakegu.

Dena den larunbatean hodeiekin esnatuko gara eta baliteke zirimiri pixka bat ere egitea, baina eguerditik aurrera ostarteak irekitzen joango dira, arratsalde polita geratuz. Gainera, tenperatura atsegina izango da, maximoa 15 ºC-ren bueltan geratuko da.

 Igandean egunsenti polita ikusiko da, zerua ia garbi, tenperatura fresko samarra hasieran, baina epelduz laister joango da eguzkiaren laguntzarekin. Hodei altu fin batzuk agertu daitezke egunean zehar zeruan, baina ez dute eguzkia estaliko. Beraz, egun dotorea. Tenperatura ere oso atsegina, berriro ere 15 ºC-ren bueltan geratuz maximoa.

Hurrengo asteko hasieran ere giro antiziklonikoarekin jarraituko dugu.

Asteburuan okerrera egingo du eguraldiak. Euria eta tenperaturaren beherakada aipagarria.

Gaur bero egingo du, hego haizea nagusituko baita, baina asteburuan aurpegi ezberdina erakutsiko digu eguraldiak.

Bai larunbatean eta baita igandean ere, zerua nahiko estalia egongo da eta euria egin dezake edozein momentutan. Ipar haizea nagusituko da, ipar-mendebala zehazki. Gainera fronte ahul batzun bisita ere izango dugu. Tenperatura nabarmen jaitsiko da, larunbatean 20ºC-ko maximoarekin eta igandean oraindik beherago, 18 ºC-ko maximoarekin.

Gero astelehenetik aurrera, berriro ere udako giroa bueltatuko da seguruenik.

Asteburu hasieran bero, iganderako freskatuz.

Irailan gaude, baina bihar hego haizea dela eta tenperatura asko igoko da. Gainera, indar dexente izango duenez, ez du ematen brisa sartuko denik. Horrela, biharko tenperatura maximoa 35 ºC-ra iritsi daiteke. Eguzkia izango da biharkoan nagusi, hodei altu batzuk kenduta.

Larunbatean hego haize zakarrarekin esnatuko gara eta zeruan hodei gehiago ikusiko ditugu. Tenperatura oraindik altua izango da, maximoa 33 ºC-ra iritsiz, baina arratsaldean haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta freskatu egingo du dexente, hodeiak ere ugarituz. Dena den euririk ez da espero.

Igandean goizean zehar hodeiak izango dira nagusi, baina euri konturik ez da espero. Beharbada, momenturen batean zipriztinen bat, goizaldean bereziki. Arratsalderako ostarteak irekiko dira. Tenperatura beherantz, maximoa 23 ºC-tan geratuz.

Kontxara joateko egun polita izango da, nahiz eta nahiko estalia egon, ateri eta haize indartsurik gabe. Aurreko igandearekin konparatuz askoz ere hobeto.

Itsasoaren egoera igandean.

Igande honetan itsasoa nola egongo den, denok nahi dugu jakin, bereziki lehengo igandean eduki zuen garrantzia eta gero. Ba ematen du oraingoan ere ez dela bare egongo eta emozioa ere oraindik egon daiteke gizonen estropadan. Nesken estropadan dudarik gabe emozioa hor egongo da dagoen itsasoa dagoela.

Iragarpenak oraintxe bertan zera esango luke:

Igandean hondoko itsasoa handituz joango da goizean zehar eta estropada momenturako ipar-mendebaldeko hondoko itsasoa 2 metro ingurukoa izango da 13 segunduko periodoarekin (eta hori ez da gutxi). Bestalde haizea goizean zehar ipar-mendebaldetik finkatzen joango da eta baita ere indartuz, ez ordea aurreko igandean bezain beste. Goizeko hamaiketan ia haizerik ez da egongo, orduantxe hasiko baita haizea ipar-mendebaldetik finkatzen (batazbeste 3 km/h-ko abiadura). Baina hamabitan ipar-mendebaldeko haizea 10 km/h-ra iritsi daiteke eta bigarren tandan 13 km/h-ra.

Hau ikusi ondoren esan dezaket itsasoa bare ez dela egongo. Haizeak beharbada ez du haize olatu gehiegi sortuko, eta beraz lehengo igandearekin konparatuz oso ezberdina izango da egoera. Garrantzitsuena hondoko itsasoa izango da, 2 metro ingurukoa. Honek esan nahi du olatu erregularrak eta bueltan hartzeko modukoak izango direla, eta gainera handiak. Horrek diferentziak markatu ditzake. Beraz, itsasoa lehengo igandearekin konparatuz ez da horren nahasia izango, haize olatu gutxi, baina olatuak izango ditugu eta ez dira txikiak izango.

Aupa Zumaia!!!!!

« Previous PageNext Page »