Urdina beltz

Bere kolorea beltza zen.
Beltzak ziren bere zapatak, kamisetak, galtzak… beltzak zituen txaketak eta baita galtzontziloak ere. Beltza zuen gustuko eta beltz kolorekoa zen janzten zuen guztia.
Zergatik jantziko zen orain urdinez?
Lagunek adarra jotzen zioten:
—Ez haiz Santelmotan beltzez jantzita aterako! —esaten zioten barrez eta, berak, ez zuen erantzuten, haiek arrazoi zutela bazekielako.
Amak mahoizko arropa berriak (urdin-urdinak) erosi eta ohe gainean utzi zizkion festa- bezperan, jantziko zituenaren esperantzan. Berak, arratsalde osoa eman zuen gelan, arropa haiei begira, zer egin ez zekiela. Buruari bueltaka eman zuen eguna, Santelmotan beltzez jantzita nola irten pentsatuz, burutazio bat izan zuen arte. Arrapaladan atera zen kalera eta, bitan pentsatu gabe, bere ideia abian jarri zuen.
Festak urdinetik beltzera pasa zituen. Ingurukoen harridurarako dena primeran joan zitzaion eta beltzez atera zen kalera. Danborradak izorratu zuen arte.
Gauerdian danbor hotsek Santelmo martxa abiatu orduko hasi zen euria eta, honekin batera, txinotako tindagaiz belztutako alkandora urdintzen hasi zitzaion. Kofradiako lurra tantokin beltzez tindatzen hasi zenean ezinaren aurrean etsi zuen.
Bere kolorea urdin bilakatu zen.

Urdina beltz (mp3)

Trackback URL

3 Comments on "Urdina beltz"

  1. Maddi
    16/04/2009 at 17:09 Permalink

    (…) Urdin-urdin sendoa, bai jauna, euskal tindagaiak ez dira nolanahikoak.

    Inguruan, ordea, dena beltza zen; bai ilargirik gabeko zerua, bai txinotako tindagaiz belztutako lurra, gero eta gehiago hedatzen ari zen tindagai geldiezina.

    Zerua are eta ilunago jarri zen lurra horren ilun ikusita; erabat goibeldurik, negar-zotinka hasi zen, sekulako zarata atereaz.

    Orduak aurrera joan ziren eta gure lagunak, neka-neka eginda, etxera joatea erabaki zuen —Eguraldi honekin ezin duzu kalera atera, sekulako pulmonia harrapatuko duzu eta —esaten zioten ingurukoek. Baina gure laguna ez zen trumoi eta txinparten aurrean kikiltzen, eta etxera abiatu zen.

    Bidetik zihoala, soinean zeraman arropa berrietako tindagai urdin sendoa zeruko nahigabeaz errukitu zen, sekula santan ez baitzuen inor horren atsekabeturik ikusi. Eta zeruko malkoekin bat eginda, zeukan gauza bakarra eman nahi izan zion: bere urdintasuna. Horrela, gure lagunaren arropa berriek gero eta argiago ematen zuten, eta zeruak gero eta urdinago, gero eta urdin argiago, izan ere.

    Hau dek hau eguraldi ederra! –esan zuen gure lagunak etxera iritsitakoan— eta dutxa bero bat hartu ondoren, arropa aldatu (eskerrak senide asko zituen eta behar bezalako arropa urdin garbi eta lehorra utzi zioten) eta kalera joan zen bere neskalagun urdin-urdinarekin San Telmo egunaz gozatzera.

    Eta hala izan bazan sar dadila kalabazan eta irten dadila gehien maite duzuen plazan.
    ;-)

  2. Wali
    16/04/2009 at 22:05 Permalink

    Ederra jarraipena! Eskerrik asko Maddi.

  3. Maddi
    18/04/2009 at 0:17 Permalink

    Eskerrik asko zuri, ideia bikaina ipuinena.

Hi Stranger, leave a comment:

ALLOWED XHTML TAGS:

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

*
Subscribe to Comments