—Ahoa zabaldu! —agindu dit dentistak gupidarik gabe bere maskararen atzetik. Begirada maltzurra da berea, maskararen babesetik aurrean etzanda duen biktimari zuzentzen dion begirada lizuna. Badakit maskararen azpian irribarrez ari dela, disfrutatzeko prest dagoenaren irribarre zitalaz.
“Santelmo ondorena da”, pentsatu dut ikaratuta, “erruki zaitez pixka bat!”
—Ahoa zabaldu! —errepikatu du berak inolako gupida erakutsi gabe eta, oraingoan, kasu egin diot.
Nire ahora gerturatzen ikusi dut, esku batean ispilutxoa eta bestean punta zorrotzeko tramankulu beldurgarri bat dituela. Poliki gerturatu zait, begi txikiak irribarrez, biktima sufriarazteko prest.
Ispilua ahoan sartzeko keinua egin duen unean bat-batean gelditu da. Kolpera egin du atzera, zaplazteko bat jaso balu bezala begi txikiak zabal-zabal eginda. Pixkanaka azaleko kolorea aldatzen hasi zaiola ikusi dut: hasieran hori eta ondoren berde jarri da.
Zerraldo erori da lurrera, zorabiatuta. Erizaina asaldatuta joan zaio berehala baina ni ez naiz tokitik mugitu. Oraingoan nik egin dut irribarre, hamaiketakoan gozatutako olagarro-zopa gogoan.
—Santelmo ondorena da —gogorarazi diot irribarre bihurri batekin lurrean dagoen dentistari.
Eta ahoa itxi dut.
Ahoa zabaldu (mp3)

No Comments on "Ahoa zabaldu"