Dortoka eta eskorpioia

Patxi dortoka triste zegoen ibai ertzean.
—Zer gertatzen zaizu Patxi? —galdetu zion handik zebilen Antonio eskorpioiak.
—Ibaiaren bestaldera pasa nahian nabil, baina nire lehen aldia denez laguntza behar dut —azaldu zion dortokak mesfidati—. Hemengo inork ez dit lagundu nahi, ordea —jarraitu zuen inguruan zebiltzan beste animaliei begira.
—Lasai Patxi —erantzun zion eskorpioiak adeitsu—. Nik lagunduko dizut! Zure bizkar gainean joango naiz norabidea adierazten.
—Zuk? —beldurtu zen dortoka—. Zuk ziztatu egingo didazu eta pozoinduta hilko naiz.
—Bai zera! —lasaitu zuen eskorpioiak barrez—. Ez al zara ohartzen ziztatuz gero biok itoko garela?
Logika horri jarraituz, eta inguruan beste inor laguntzeko prest ez zegoela ikusita eskorpioiaren eskaintza onartu zuen Patxik. Ibaiaren beste aldera pasatzea bere betiko nahia zen eta arriskuak merezi zuela iritzi zuen.
—Goazen ba! —erantzun zion lagun berriari, eta ibaia zeharkatzen hasi ziren. Patxi dortokak igeri egiten zuen eta Antoniok bere bizkarretik bidea adierazten zion.
Ibaiaren erdian zeudela, ordea, ziztada bat nabaritu zuen dortokak lepo gainean.
—Zergatik egin duzu hori? —galdetu zion eskorpioiari ikaratuta pozoiaren eragina igartzean—. Orain biok itoko gara!
—Ezin izan diot eutsi —onartu zion eskorpioiak bizkar gainetik—. Nire izaeraren muinean dago.

Dortoka eta eskorpioia (mp3)

Trackback URL

6 Comments on "Dortoka eta eskorpioia"

  1. ardi latxa
    06/05/2009 at 15:00 Permalink

    Eskorpioi Antoniok ezin kontrola zezakeen pozoia,ez, eta halaxe segi zuen Patxiri zizta eta zizta. Patxi dortoka hasiera batean apurtxo bat larritu bazen ere, ohartu zen bestearen keriak kilikili baino ez zitzaizkiola oskolean. Halaxe zebiltzan biak zizta eta zizta, keri eta pozoi, orain hiretzat, orain neretzat, bihar erdera, gaur Nafarroa, etzi ilegalizazioa, etzi damu poltrona.
    Halaxe ibili omen ziren 4 urtean zehar, ibai eta errio, kantauri eta Gasteizen konkistan. Ez dakigu beraien zikinkeria irentsita hil ziren azkenean, ezta axola ere, nahikoa lan bai baitugu euren pozoiak akabatutako ibaia berriz berpizten.

  2. Tarratian
    07/05/2009 at 9:19 Permalink

    Izenak honela ordez litezke testuan, eta emaitzak erakutsiko liguke batzuek ez dutela ezertxo ere ikasi hainbeste urtetan:

    Patxi >>> Juanjo
    Antoni >>> Patxi

    Panta rhei… seguru?

  3. Lide
    07/05/2009 at 10:05 Permalink

    Asko gustatzen zait ipuin hau! “The crying game” pelikulan kontatzen zuten, ezta? Buruan bueltaka izan dut ordudanik, badirudi ez naizela bakarra… Badakizu nor den egilea? Zorionak blog-arengatik, mundiala da!

    Lide

  4. Wali
    07/05/2009 at 10:17 Permalink

    Aupa Lide!

    ba jatorrizkoa ez dakit norena den. Nik betidanik ezagutzen dudan bertsioan eskorpioiak eskatzen dio laguntza dortokari ibaia gurutzatzeko; igel batekin ere entzuna nuen bertsioren bat. Egiletasun anonimoko betiko fabula horietakoa izango da…

  5. Zu2
    08/05/2009 at 10:40 Permalink

    Ta zer dago ba, ibaiaren beste aldean ziztada bat merezi izateko?
    Agian ezer ez ?
    Masokista ote da ba dortoka?

  6. urtzi
    08/05/2009 at 16:58 Permalink

    Aupa!

    Zorionak blogagatik! ea jende gehiago ausartzen den ipuin laburrak euskaraz idaztera!

    Nire blogean zurearen lotura jarri dut, ikus dezakezunez, nik ere ipuin labur batzuk dauzkat bertan idatzita.

    Ondo izan,

    Urtzi

Hi Stranger, leave a comment:

ALLOWED XHTML TAGS:

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

*
Subscribe to Comments