Afaria (Zaporea II)

Agurea jatetxera sartu da.
Bere betiko arropak daramatza soinean, ez baitu besterik. Kale bazterreko iturrian aurpegia eta eskuak ondo garbitu ditu eta, bere orrazi zaharraz astindu ditu gelditzen zaizkion ile ximelak. Patrikan gordetzen duen ispilu hautsian bere buruari oniritzia emanda, karrotxoa hartu eta jatetxera abiatu da, afaltzera.
Sukaldariak egin dio harrera, pertsonalki:
—Ongi etorri! —esan dio irribarretsu inguratzen duten telebista-kamera eta argazkilarien flashen artean—. Jatetxeko mahairik onena gorde dizugu.
Pozik jarraitu dio agureak mahairaino, egingo duen afari ederra gogoan. Zeta urdinez jantzita dago bere mahaia, zilarrezkoak dira mahai-tresnak eta Bohemiakoa kristaleria. Bere ingurura begiratuta petrolio-gizon itxura duen arabiar bat ikusi du ondoko mahaian, eta gaztetan ikusten zituen bakeroen pelikuletako protagonista beste aldean.
Txiki sentitu da inguru horretan baina… “ze demonio!” pentsatu du. Berak irabazi zion erronka sukaldariari, eta berari dagokio aurrerantzean bertan afaltzea.
Maitrea inguratu zaio eta esaldi luzez beteriko karta jarri dio aurrean.
Inoiz entzun ez zituen jakiak ikusi ditu bertan: “Kabiarraz ondutako otarraina onddo krema konfitatuan” edota “Thailandiako ahatea estragoi-mermeladan gozatua Sri Lankako ostrez lagunduta”. Goitik behera irakurri du karta, han agertzen diren jakiekin liluratuta.
Maitrea berriz inguratu zaionerako egina du bere hautua.
—Erabaki al du jaunak zer afalduko duen? —galdetu dio maitreak koadernotxoa ateraz, eta une horretan jatetxean dauden telebista-kamera eta mikrofono guztiak inguratu zaizkio albistea jasotzera.
—Bai —erantzun du agureak karta itxiz—. Nire betiko zopa hartuko dut.

Afaria (mp3)

Trackback URL

No Comments on "Afaria (Zaporea II)"

Hi Stranger, leave a comment:

ALLOWED XHTML TAGS:

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

*
Subscribe to Comments