Euria maite zuen gizona

Euria maite zuen gizonak ezin zuen leihotik kanpora begiratu.
Gorputza bihurritu egiten zitzaion.
Udazken, negu eta udaberria bikainak izan ziren beretzat: ximelak, euritsuak, hezeak, ilunak… zoragarriak! Baina bat-batean, dena amaitu zen. Leihoa zabaldu eta, eguzkiak betetzen zuen guztia.
Euria maite zuen gizonak ezin zuen eguzkia ikusi.
Bihotza bihurritu egiten zitzaion.
Eta bere etxean bizi ziren lagunez errukitzen zen. Etxea betetzen zuten barraskiloen bihotza, berea bezain triste sentitzen zuen eta, euria noiz itzuliko zen amesten zuen.
Euria maite zuen gizonak ezin zuen zeru urdina ikusi.
Barrenak bihurritzen zitzaizkion.
Horrelako larrialdi unetarako prestatuta zituen neurriak jarri zituen martxan: sukaldean gordetzen zuen mangera balkoira eraman eta han, ureztatze sistemara lotu zuen. Martxan jarri orduko etxean sartu zen, eguzkitik ihesi, eta leihotik begiratu zuen: mangerak zabaltzen zuen urak euriaren edertasuna irudikatzen zuen bere leiho aurrean.
Euria maite zuen gizonak leihotik kanpora begiratu eta irribarre egin zuen.

Euria maite zuen gizona (mp3)

Trackback URL

No Comments on "Euria maite zuen gizona"

Hi Stranger, leave a comment:

ALLOWED XHTML TAGS:

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

*
Subscribe to Comments