Printzesa igelari begira gelditu zen.
—Ez nazazu hil! —erregutu zion igelak printzesak eskutan zuen makilaren beldur.
—Hizketan dakizu! —harritu zen printzesa.
—Bai —erantzun zion igelak—. Ez bainaiz igel arrunta! Printzea naiz, eta duela urte asko sorgin batek sorgindu eta igel bihurtu ninduen.
—A bai? —galdetu zuen printzesak hasperen batekin—. Ez da oso istorio originala, ez duzu uste?
—Benetan ari naiz! —asaldatu zen printzea bere gorputz berdea astinduz—. Nire lehengo itxura berreskuratzeko printzesa baten muxua baino ez dut behar. Ondoren, biok elkarrekin ezkondu eta pozik biziko gara betirako —azaldu zion printzesari—. Lagunduko didazu?
Printzesa pentsakor gelditu zen, igelari begira, horrelako erabaki garrantzitsua sakon aztertzekoa baitzen.
—Ni ere ez nauzu printzesa arrunta —azaldu zion igelari erabakia hartu zuenean.
—Hori begibistakoa da —bota zion printzeak bere igel begi handiak kliskatuz.
—Ez naiz printzesa arrunta ez ditudalako printze urdinak gogoko —jarraitu zuen printzesak makilaren kolpe batez igela akabatuz—, baina igelen hankak frijituta, bai.
Printzea eta printzesa (mp3)

No Comments on "Printzea eta printzesa"