21:00 PM – Koadrilakin afaria. Atuna parrillan eta sagardo piloa. Postrerako musa (ez moussea) eta kubarona.
02:30 AM – Musarekin zerbeza ugari joan dira. Amaituta denei agur, baina ezin: “Nola joango haiz ba? Azken zerbeza, tira!”. Ezin ezetz esan.
05:30 AM – Azken zerbezarena hamar aldiz egin ondoren etxera. Dutxa eta ohea. Globoa jaistera. Pufff!
08:00 AM – Aitzol ohe ondoan zalapartaka: “Aita jaikiiiiiiiiiiii!!!!!”. Lamadrekelopario! Lo itxurak egingo ditut, ea aspertzen den.
08:01 AM – Aitzol ohe ondoan txirula jotzen. Ostrukarena egiten jarraitu, ea alde egiten duen.
08:02 AM – Aitzol ohe ondoan danborra jotzen. Joder, eta ez dela aspertzen! Nire buruari ohar mentala: hamar urte barru hauek guztiak berari bueltan egitea.
08:03 AM – Aitzol ohe ondoan eskusoinua jotzen. Errepaso mentala etxean dauden musika-tresnei: gitarra bakarrik falta da. Ondorioa: ostrukarena egiten jarraitu, ea behingoz funtzionatzen duen.
08:04 AM – Aitzolek pertsiana altxa eta ohe gainean salto egin du. Gitarraz paso egin du, makalegia da nonbait. Begi bat ireki eta maldizio batzuk bota ditut. Barre egin dit.
08:05 AM – Nire buruari garbi utzi diot: “Nunca mais! Ez dut parranda gehiago egingo!”. Baina nire subkontzientean ezkutatzen den ahots zeken batek erantzun du berehala: “Ezta gutxiago ere!”.
Jaiki eta amesgaiztoari aurre egitea erabaki dut. Ez dugu inoiz ikasten.
Nunca mais (mp3)

23/07/2009 at 12:51 Permalink
Ez dek sekula espabilatuko, Iherrito, hain erraza izanda konponbidea: erakutsiok musean semeari eta eraman koadrillako afarira.