Txapela

Asko probatu zituen arren ez zuen gustukorik topatu.
Batzuk beroa ematen zioten, besteek hazkura. Buruko ile apurrak izerditzen zitzaizkion, aldrebesten, eta gustuko txapelik ez zuen inon aurkitzen. Telazkoak eta felpazkoak, lastozkoak eta baita amerikanoek ibiltzen zituzten moduko biserak ere probatu zituen baina, gustukorik ez.
Nazkatuta, aldaketarako garaiak atzean utziak zituela erabaki eta aurrera egitea erabaki zuen. Armairura joan eta goiko apalean ezkutatuta zuen bere betiko txapela atera zuen bertatik.
Hura plazera buruan jantzi zuenean! Bere nortasuna berreskuratuta sentitu zuen eta, ispiluaren aurrean tarte bat eman ondoren, pozik hartu zuen kaleko bidea.
Portaletik atera orduko jendea begira sumatu zuen. Harrituta seinalatzen zuten, batzuk disimuluz, besteak nabarmen behatzekin adieraziz. Ez zien jaramonik egin eta aurrera jarraitu zuen, burua tente, txapela bere tokian norbaitek atzetik bultza egin eta lurrera bota zuen arte. Aurpegia zoru gogorraren kontra zapaldu zioten pistola batekin lurraren kontra eutsiz. Lurrean etzanda inguruko zalapartak entzuten zituen, poliziaren oihuak eta betidanik ezagun zuten auzokoen negarrak.
Lur gogorretik triste begiratu zion agureak burutik erori zitzaion txapelari. Bere aurrean zegoen, lur grisean luze. Polizia batek lurretik jaso eta plastikozko poltsa batean sartzen zuela ikusi zuen, pelikuletan agertzen ziren frogen poltsa horietako batean. Gau horretako albistegia imajinatu zuen berrehala: “Detenido un hombre de 82 años por apología del terrorismo. Portaba una txapela igual que las usadas por los terroristas en sus comunicados”.

Txapela (mp3)

Trackback URL

No Comments on "Txapela"

Hi Stranger, leave a comment:

ALLOWED XHTML TAGS:

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

*
Subscribe to Comments