Itzali eta piztu

Informatikaria aspaldi jabetu zen arazo guztien aurrean konponbide bakarra zegoela: itzali eta piztu.
Ordenagailua motel zebilela: itzali eta piztu.
Internet ez zebilela: itzali eta piztu.
Inprimatzeko arazoak: itzali eta piztu.
Paretori kasu eginez azkar konpontzen zituen eguneko arazoen ehuneko handiena. Baita informatikoak ez ziren arazoak ere:
Autoak zarata arraro bat egiten zuela: itzali eta piztu.
Telebista gaizki ikusten zela: itzali eta piztu.
Fede kontua baino ez zen.
Sendagileak minbizia diagnostikatu zionean ohartu zen, ordea, bere konponbideak hor ez zuela baliorik. Aste batzuk baino ez zitzaizkiola gelditzen esan zioten eta, horren aurrean bere filosofiari eusten saiatu zen, gaixotasuna itzali eta piztu egiteko modua aurkitu nahian.
Etsipen horretan fede berri baten beharra sumatu zuen, bereak huts egin ziola jabetuta. Garai batean ikasitako dotrinara bueltatu zen, heriotza gertu ikusita, erlijio katolikoari besoak zabalduz. Han egongo zen konponbidea.
Azkar joan zen elizara.
Lehen lerroko aulkietan belaunikatuta garai batean ikasitako errezoak gogora ekartzen ahalegindu zen. Beldurrak eragindako etsipenaz aldarera begiratu zuen, heldulekua emango zion fedea aurkitu nahian.
Aldareko gurutzea ikusi orduko aurkitu zuen erantzuna. Bere betiko konponbidea zuzena zen, han zegoen froga.
Irribarre batekin atera zen elizatik, bere betiko fedearen balio unibertsalean berretsita. Gurutzean iltzatutako irudiak erakutsi zion, hark egina baitzuen: itzali eta piztu.

Itzali eta piztu (mp3)

Trackback URL

2 Comments on "Itzali eta piztu"

  1. Amagoia
    19/11/2009 at 12:20 Permalink

    Iepa Josu!

    Oraintxe bertan aurkitu dut zure txokotxo hau eta benetan gustatu zait. Uste dut sarean erabiltzen ditudanen zerrendarako beste altxor bat aurkitu dudala.

    Mila esker.

  2. Wali
    19/11/2009 at 16:57 Permalink

    aupa Amagoia!

    pozten naiz gustatzea. Ongi etorri labera!

Hi Stranger, leave a comment:

ALLOWED XHTML TAGS:

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

*
Subscribe to Comments