Begiek txiribitak egiten zizkioten katalogoak ikustean: Ben10, Bakugan, Gormiti, Spiderman… bere gogoko pertsonaia guztien jostailuak zeuden han!
Aita irribarretsu zegoen, bere ondoan:
—Gogoko dituzunak aukeratu eta gutuna prestatu Olentzerorentzat —proposatu zion semeari, haren emozioaz gozatuz.
Azkar ekin zion haurrak lanari eta katalogoekin batera zetorren gutun-orria berehala bete zuen hain maiteak zituen pertsonaien izenez. Amaitzean aitari eraman zion pozik.
—Listo aita! —oihukatu zion emozionatuta gutuna luzatuz—. Hauek eskatu dizkiot Olentzerori.
Aitari begiek txiribitak egin zizkioten gutuneko jostailuek katalogoetan lagun zituzten zenbakiak ikustean: 99, 49’5, 120… Olentzero ez zen horren aberatsa!
—Jostailu garestiak aukeratu dituzu —esan zion semeari bere etsipenean.
—Lasai aita! —erantzun zion honek berehala—. Olentzerok debalde ekarriko dizkigu!

26/11/2009 at 18:30 Permalink
Nire koadrilako bat, txikitan, gurasoek Toys’r'us estiloko jostailudenda erraldoi batera eraman zuten, eguberriak baino lehenxeago, arreta deitzen zionaren araberako opariak egiteko. Irteten ari zirela, neskatoak ilara luzeak ikusi zituen, jendea opariz gainezka, eta bota zuen: “Baina ama, hauek tontuak al dia edo? Ez al dakite laister Olentzero datorrela?”