Herio

Herio nazkatuta dago.
Bizitzeko ezer ez duten haien gorpu hotzak biltzeaz nazkatuta.
Askotan entzun ditu teologo eta filosofoak berari buruz hitz egiten eta, umorez hartu izan ohi ditu haien hitzak: Herio demokratikoa omen da. Heriok ez omen du bereizten arraza edo kolorerik. Heriok berdin hartzen omen ditu pobre eta aberatsak.
Eta hala da, pentsatu du heriok. Berak ez du bereizketarik egiten. Baina aberatsek badakite bere atzapar hotzetatik nola ihes egin.
Pobreek, ordea, ez dute horrelako zorterik.
Horregatik, herio, nazkatuta sentitzen da. Nekatuta.
Munduko edozein tokitan lurrikara, tsunami edo antzekoren bat gertatu orduko milaka arima jasotzen ditu. Non bizi ez duten pertsonen arimak guztiak ere. Diru arazorik ez duenen bat tarteka.
Azken lurrikara hartan beste hainbeste gertatu zaio. Egunak eman ditu arima miserableak ehunka, milaka berekin eramaten eta ez du amaierarik ikusten.
Nazkatuta, eroritako eraikinen harri artera inguratu da, kapa beltza soinean eta sega luzea eskutan hartuta. Bera inguratu orduko lanean ari diren pertsonak baztertu dira, izututa. Badator segalari beltza arimak jasotzera, entzun du inguruan, baina Heriok ez die kasurik egin, bideari eutsi dio hezurretan sentitzen duen ondoeza gailendu ezinik. Zer egin dezake berak, ordea, patuaren aurka? Bere buruaren aurka?
Sega lurrean utzi eta hezur zaharrak lanean jarri ditu, harri eta hondakinak mugitzen. Gorpu hilak alde batera utzi ditu, jaramonik egin gabe. Itxoin dezakete, hildakoek ez dute presarik, berak ongi daki hori.
Ez dira arimak oraingoan bilatzen dituena. Bizirik gelditzen diren pertsonen bila ari da.
Bere buruari arimak lapurtzeari ekin dio.Herio (mp3)

Trackback URL

No Comments on "Herio"

Hi Stranger, leave a comment:

ALLOWED XHTML TAGS:

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

*
Subscribe to Comments