Sanferminetako txupinazoarekin batera jaio zen alburruna.
Txanpan eta kalimotxo tragoen artean jaio zen, pozik, festa-giroan bizi-bizi!
Alburrunaren jabeak, berehala igarri zuen hark eragindako azkura, baina ez zion garrantzirik eman. “Joango duk!” pentsatu zuen, eta jai-giroan jarraitu zuen gustura.
Bazkalosteko kuba-ronek bizi-poza eman zioten alburrunari, eta zezen-plazako meriendan irentsitako txorizo eta tripakiek gorpuztu zuten. Goizean jaiotako bolatxoa, pin-pon pilota mardula bihurtu zen iluntzerako!
Bere jabeak gero eta azkura deserosoagoa igartzen zuen atzealdean baina, Sanferminetan ez zen ba horretaz kezkatuko! Azkar bururatu zitzaion irtenbidea:
—Anestesiatu eta kito! —erabaki zuen, eta gogotsu ekin zion lanari.
Gaueko kuba-ronen artean zoriontasuna aurkitu zuen alburrunak. Hura zen bere giroa! Bikaintasunerako bidea!
Bere jabea, aldiz, gero eta baldarrago zebilen. Anestesiak ez zizkion ipurdiko minak kentzen, baina balantza ederrak eragiten zizkion bestalde.
—Utikan! —oihukatu zuen minari eutsi ezinik, eta espaloi gainera ipurdiz erortzen utzi zen bere ezinegona kitatu nahian.
Txupinazoarekin batera jaiotako alburruna, Sanferminak gorriz tindatu zituen odol-txupin baten modura lehertu zen festaren estasian murgilduta.

No Comments on "Alburruna"