Gizona ikustean ikaratu egin naiz.
Poliki irten da autotik, mina hartzeko beldurrez bezala. Argala dago, ezin argalago. Disimuluz begiratzen ahalegindu naiz, nabarmen ez aritzeko, baina ezin diot bista gainetik kendu.
Aurpegia bi begi handik betetzen diote, beste ezer ez. Azala masailean itsatsita bezala dauka, azala eta hezurraren artean inolako haragi edo giharrik ez balego bezala. Kamiseta tiranteduna darama soinean, eta albotan ageri zaizkion beso iharrek zuhaitz zahar baten adar lehorrak ekarri dizkidate gogora.
Ikusi orduko ikaratu egin naiz, gaixotasun larria duen pertsona bati begira nagoela konbentzituta.
—Begira horri —esan diot Itziarri disimuluan—. Gaixotasun terminala duen norbait izango da?
Itziarrek arraro begiratu nau.
—Zu erotu egin al zara? —galdetu dit nire harridurarako—. Ez al zara gogoratzen gaur dela mendiko ultramaratoia?
Are ikaratuago begiratu diot orduan kirolariari galtza motzak janzten dituen bitartean.

No Comments on "Gaixoa"