Gabonetan angulak jatea erabaki zuen.
Benetako angulak.
Askotan azaldu zien seme-alabei bera haur bat zenean kiloak hartzen zituztela ibai-bazterrean. Gabonetan angulak jaten zituzten orduan, benetako angulak.
Semeek ez zuten guztiz sinisten, ezta guztiz ulertzen ere, beraiek jaio zirenetik angulak urre-prezioan erosten ziren izaki mistikoak zirelako. Baina gustura entzuten zituzten aitaren istorioak, beste garai bateko kondairak entzungo balituzte bezala.
Horregatik, Gabon bezperan ganbaran gordetzen zituen sare, otar, eta bestelako gailu zaharrak hartuta ibai-bazterrera joan zen garai bateko angulak harrapatzera.
Etxera esku-hutsik eta hotzak akabatzen itzultzean onartu zuen ez zegoela garai honetan angulak jaterik, ez behintzat lehorretik harrapatuta, eta are gutxiago erosita. Baina seme-alabei agindua zien angulak jango zituztela, eta ez zien huts egingo.
Eroskiko Gula pakete batzuk erosita pazientzia handiz aritu zen banan-bana guztiei begiak marrazten. Txipiroi tinta erabili zuen, zapore arraroa izan ez zezaten, eta paketez-pakete eta gulaz-gula, guztiei margotu zizkien begiak benetakoen itxura emanaz.
Gabon-gauean harrotasunez prestatu eta zerbitzatu zituen bere angulak, eta familiarekin eserita afariaz gozatzera prestatu zen.
—Gutxitan jango dituzue benetako angulak —esan zien irribarre batekin bere angulak plateretan zerbitzatzen zituen bitartean.
Baina seme-alabek nazka aurpegia jarrita platerak baztertu zituzten.
—Nola nahi duzu hori jatea? —bota zioten muzin batekin—. Begiak dituzte!

No Comments on "Angulak"