Gaurkoa bezalako egunetan hodei nahi nuke izan.
Zeru urdinean dantzatuko nintzateke, firin-faran mugituz haizeen noraezean.
Goitik behera begiratuz zainduko nuke mundua, kotoizko begi zorrotzez, eta itzal egingo nieke eguzkiaren argi gozoa merezi ez duten horiei.
Gaurkoa bezalako egunetan hodei nahi nuke izan.
Nire tristurak lasai hustuko nituzke malko zaparradetan, eta mundua bustiko nuke barrenak lasaitu arte. Haserre sentituz gero sartaldetik entzungo ziren nire trumoi-hotsak, eta txingor kolpeak botako nituzke haserrarazte nindutenen gainera.
Gaurkoa bezalako egunetan hodei nahi nuke izan.
Zeru urdinean jolasean arituko nintzateke kotoizko irudiak asmatuz. Dibertigarri egiten zaizkizun formak osatuko nituzke behin eta berriz zure irribarrea ikusi arte, eta orduan, kotoi bolatxo txikitan desegingo nintzateke zure irribarreak itzalik izan ez zezan.
Gaurkoa bezalako egunetan irribarre nahi nuke izan.

No Comments on "Gaur"