Alaba jaioberriaren izena hautatzea ez zen erraza izan.
Erditzearen unera arte egon ziren aukerak aztertzen, gogokoen zein zuten jakin gabe: Oihana, Ainhoa, Nahia… Zein zen beraien alabatxoarentzat izenik egokiena?
Ospitalerako bidearen larritasunean hartu zuten azken erabakia. Ez zizkioten buelta gehiago emango: Oihana. Hori izango zen izena.
Hurrengo egunean, izenik egokiena hautatu izanaren pozarekin abiatu zen aita erregistrora, jaio berri zen izartxoaren izena ematera.
Pozarren sartu zen bulego tristean, eta hango funtzionarioen begirada hilei jaramonik egin gabe irribarrez jarraitu zuen mahai gainean behar ziren paper guztiak utziz.
Minutu batzuk igaro ziren funtzionarioak lehen aldiz hitz egin zion arte.
—Zein izen jarriko diozue haurrari? —galdetu zion ahots monotonoz.
Aitak irribarre zabal batekin erantzun zion bere poza ezkutatu ezinik.
—Oihana —esan zion, alabaren izena hitz magikoa izango balitz bezala ahoskatuz.
Funtzionarioa begi goibelez begira gelditu zitzaion.
—H non darama horrek? —galdetu zion aita zoriontsuari lehor.
Aita pentsakor gelditu zen eta pixkanaka irribarrea aurpegitik desagertzen joan zitzaion.
—Olatz —izan zen bere erantzun tristea.

No Comments on "Izena"