Desarmea

Bi gizonak aurrez aurre eseri ziren.
Batak traje beltza zeraman soinean. Gorbata txukundu zuen mahaiaren beste aldean eserita zegoen gizonari begira. Honek, kaputxa iluna zuen jantzia, aurpegia erabat estaltzen zion kaputxa.
—Arma guztiak uzten ez dituzun arte ez gara hizketan hasiko —esan zuen trajez jantzitakoak.
Kaputxadunak mahaiaren gainean zeuden armak seinalatu zizkion.
—Hor daude nire arma guztiak —esan zuen mahaia betetzen zuten bonba, metraileta, eta pistolak erakutsiz.
—Hor daudenak ez dira guztiak —erantzun zion besteak.
Kaputxadunak eskuak patriketara eraman eta beti berekin zeraman labana txikia utzi zuen mahai gainean.
—Orain bai? —galdetu zuen.
—Horiek ez dira dituzun arma guztiak —adierazi zion gorbatadunak temati.
Kaputxadunak berehala ulertu zuen besteak esan nahi zuena, eta alkandorako patrikan zeramatzan paper eta boligrafoa aterata mahai gainean utzi zituen horiek ere.
—Listo —esan zion besteari.
—Oraindik ez —izan zen erantzuna.
Kaputxaduna begira gelditu zitzaion. Bazekien parean zuen gizonaren ustez zein zen bere armarik arriskutsuena, baina ez zuen horrelakorik espero.
Traje beltzez jantzitako gizonari begira, mahai gainean utzitako labana hartu zuen berriz, eta ahoa zabalduz mingaina atera zuen.
Kolpe bakarrean egin zuen, bitan pentsatu gabe. Amaitzean, labana odoldua eta mingaina armaz betetako mahaiaren gainean utzi zituen.
—Orain bai —esan zion gorbatadunak irribarrez—. Orain has gaitezke hizketan.

Trackback URL

No Comments on "Desarmea"

Hi Stranger, leave a comment:

ALLOWED XHTML TAGS:

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

*
Subscribe to Comments