Deseroso sentitzen zen.
Ez zuen inoiz atxikimendurik sentitu kalean dirua eskatzen zutenekiko, edo zabor artean janaria bilatzen zutenekiko. Baina oraingoa desberdina zen. Eta horrek, deseroso sentiarazten zuen.
Bere etxeko leihotik berriz begiratu zuen kalearen bestaldean zegoen zakarrontzira: mutil gaztea zen han ikusten zuena, janari bila. Normalean kanpokoak ziren zakarrontzian janari bila aritzen zirenak, baina hau bertakoa zen. Bere herrikidea zen.
Bere ikaskidea zen.
Eta horrek, deseroso sentiarazten zuen.
Mutilak, une batez, zakarrontzitik atera zuen gorputza, eta bat-batean, elkarren begiradak gurutzatu ziren. Bere deserosotasunean zer egin ongi jakin gabe leihotik aldendu eta etxe barrurantz sartu zen.
“Ez nau ezagutu” pentsatu zuen jateko zerbaiten bila hozkailua zabaltzen zuen bitartean.
Baina janariak ez zion barrena betetzen.
Deseroso sentitzen zen.

No Comments on "Zakarrontzia (Deseroso I)"