Izekori telefonoz deitu diot.
—Eskerrik asko opariagatik izeko —esan diot telefonoa hartu bezain pronto.
—Ez horregatik, motel —erantzun dit hariaren bestaldetik—. Zer moduz zaudete?
—Denak ondo —erantzun diot zalantzati—. Logaleak jota, baina ondo.
—Zer nahi duk ba? —bota dit barrez—. Horiek dira gurasotasunaren ajeak! Gure adinean izango duk lo egiteko aukera.
—Badakit —poztu naiz—. Hori da nire kontsolamendu bakarra: jubilatzen naizenean izango dudala lo egiteko nahi adina denbora.
—Jubilatzen haizenean bai —onartu dit—, eta jubilazioaren ondoren are gehiago.
Telefonoa eseki ondoren ohartu naiz haren hitzen esanahiaz.
Akabo nire kontsolamendua.

No Comments on "Kontsolamendua"