Agustin Arrieta, Xabier Artola eta Igor Albizu dira Julene Azpeitia XVII. ipuin lehiaketako irabazleak. Zumaiako Udalak antolatutako Julene Azpeitia 18. Ipuin lehiaketako
epaimahaia Pako Aristi, Unai Elorriaga, Antton Garikano eta Ana Urkizak
osatu zuten. Abenduaren 19an egindako bildu zen eta lanak aztertu
ondoren, honako hau izan zen emaitza:
Lehengo saria, Kutxak emandako 3.000 euroko saria Agustin Arrieta
Urtizbereak idatzitako "Kalezuloetan barrena" ipuinarentzat izan zen.
Ipuin honek Amerikako basamortuan dagoen taberna
bateko gertaerak kontatzen dizkigu. Epaimahaiaren iritziz, oso bisuala
da, giro berezia sortzen du erritmo jakin bati esker eta historiaren
lautasunean tentsioa da nagusi. Ipuin honetan azalekoak baino balio
handiagoa du ezkutukoak.
Bigarren saria hau ere Kutxak emandako 1.500 euroko saria Xabier Artola Zubillagarentzat izan da "Asif" izeneko lanarengatik.
Bidaia baten kronika dugu honakoa, Marokotik
Pariserako bidaia egiten duen etorkin baten herriz herriko kronika.
Estilo ausarta erakusten du, etenik gabeko idazkera literarioa,
epaimahaiaren arabera, ezagun da idazle honek hizkuntza literarioa oso
ondo menperatzen duela.
Azkenik, Zumaiarren saria, Zumaiako Udalak emandako 1.000 euroko saria,
Igor Albizuk idatzitako "Egunerokoak" lanarentzat izan da.
45 bat urteko gizonezkoaren historia kontatzen du, bizitzaren aldaketak
agerian uzten ditu eta gaztetan gorroto genuen huraxe nola bihurtzen
garen erakusten digu. Lan horrek zumaiarren saria merezi izan du
historian barrena gauzak oso ondo biribiltzen dituelako autoreak.
Aurten, 29 ipuin aurkeztu dira, igoera nabarmena izan da kopuru aldetik, eta horietatik zazpi zumaiarrek idatzi dituzte.
Sari banaketa otsailaren hiruan egingo da Zumaiako Aita Mari aretoan.