
Eraikitako Ondarearen Zaharberritzea eta Kudeaketa Osoa Unibertsitate Masterra. EHU-UPV
Ikasgaia: Ingurumenaren Inpaktua Fatxada eta Estalduretan
ZUMAIAKO MORRUAREN ALTERAZIO ETA PATOLOGIEN IKERKETA
Iker Lamariano Garagarza. Arkitekto Teknikoa. EPSEB (Universitat Politècnica de Catalunya)
ilamagara@gmail.com
Yasmina Prada Lorente. Arte Ederretan lizentziaduna. UPV (Universidad Politécnica de Valencia)
yasprada2@hotmail.com
SARRERA
Ikertutako morrua Zumaiakoa (Gipuzkoa) da, Kantauri itsasoko kostaldeko herri arrantzale bat. Oraindik ezinezkoa izan zaigu morruaren eraikitzeari data bat jartzea. Dakiguna zera da: 1998 eta 1999. urteetan handitze obra bat gertatu zela[1]. Hala ere, gure ikerketa zati zaharrari buruzkoa da. Hau da, hareharrizkoari buruzkoa. Eraikitzeko erabilitako materialak hareharria, zementu-morteroz jasoa, eta hormigoizko harlauza dira.
Morrua Kantauri itsasoa eta Urola ibaiaren bokalearen artean kokatua dago, uraz guztiz inguratua eta aire zabalean, ipar-ekialdetik datozen haize eta euri uren talka jasoz.
IKUSIRIKO KALTEAK
1. MATERIALAREN GALERA
1.1 HAREHARRIA
1.1.a ALBEOLIZAZIOA: Morruaren goiko mailan (1. argazkia), zuloak dituzten harri asko ikus ditzakegu. Hau porositate handiko materialetan gertatzen den alterazioa da eta materia galtzean erlauntzen antzeko zulotxoak sortzen dira. Alterazio hau morruaren goiko mailan bakarrik ikus daiteke. Zati hau ipar-ekialdeko euri eta haizeak gehien jasaten dituen tartea da. Hau, gehienbat, gaineko ertzean gertatzen da eta oraindik itsatsia duen materiak bere partikulen arteko kohesio handiagoa duela dirudi.

Lanaren ebaluazioan eta argazkiak begiratuz, irakaslearen aburuz bi izan zitezkeen jasandako handitzeak. Lehena, hareharrizko zatian bigarren maila egitea eta, bigarrena, erraz ezberdindu daitekeen kareharrizko luzatzea. Geroago, Daniel Carballo arkitekto zumaiarrak Lourdes Odriozolaren “Historia de Zumaia” liburuarekin egin zuen topo. Bertan, obraren proiektua 1887an Francisco Lafarga ingeniariak egin zuela dio eta, 1922an, berriz, bere lehengo luzatze proiektua, Ayerdiren eskutik. ODRIOZOLA OYARBIDE, Lourdes. Historia de Zumaia, Zumaia: Zumaiako Udala, 1998, 265 eta 277 orrialdeak.
1.1.b ARENIZAZIOA: Morruaren beheko maila hormigoizko harlauza batez babestua dago. Hau horrela izanik ere, harri asko arenizaziotik oso gertu daude. Arenizazioa, materialaren partikulen arteko kohesioa galduz, hondar ale forman erortzean sortzen den material galera larria da. Gainera, harri honen azaleran, besteetan ageri ez diren gatzak azaltzen dira. (2. argazkia)
1.1.c MORTEROAREN GALERA:
Goiko mailako harrien artean, mortero falta agertzen den zonaldeak ageri dira, toki batzuetan, guztiz galdu delarik. (3. argazkia)

1.2 BURDINA
Morruaren gure aztertutako atalean, guztiz oxidaturiko burdinazko edo altzairuzko hiru lotune daude. Oxidatze honek, gune zehatz batzuetan, burdinaren partikulen arteko disgregazioa eta askatzea eragiten du, ondorioz, bere sekzioaren murrizte handia dakarrelarik. Korrosio prozesu hau burdinari bere egoera naturalera itzultzen laguntzen ari zaio, oso egoera aurreratuan baitago. (4. argazkia)
2. MIKROORGANISMOAK
2.1 HARRIAREN KOLONIZAZIOA: Morruaren goiko mailan, bere aurpegi horizontalean, itsasotik gertuen dagoen aldea izanik, zolda beltz generalizatu bat aurkitzen dugu. Hau mikroorganismoen kolonizazio bat da eta harria babesten dute biozolda bat eratuz. (5.argazkia)
Modu antzekoan, beheko mailan ere, hormigoiak babesten duen eremuan, eta honek harriaren zati txiki batean sortzen duen itzalpean, beste mikroorganismo kolonizazio bat dago. (6. argazkia)
2.2 HORMIGOIAREN KOLONIZAZIOA: Hormigoizko harlauzak, bere funtzioa beheko maila babestea delarik, bere azalera guztian, mikroorganismo kolonizazioa du, eta honek klimak eragindako kalteengandik babesten du hau, hala nola, euria eta haizearen eraginez sortzen diren erosioengandik. Kolonizazioa babes biologiko moduan aritzen da. (7. argazkia)

KALTEEN HIPOTESIA
HAREHARRIA
Independenteak edo osagarriak izan daitezkeen bi hipotesi aurreikusi ditugu.
1- Harriarengan bi portaera ezberdin daude. Lehenik, goiko mailan, harria albeolizatua dago, batez ere itsasotik urrenen dauden piezetan. Honen arrazoia bertan dauden haize korronte bortitzak izan daitezkeela uste dugu. Honek, batez ere, ertzetako harrietan eragiten du, beheko harriak babestuago baitaude. Gainera, ertzean dauden harriak atzerago esan dugun biozolda horrez babestuak daude bere aurpegi horizontalean, honek, eguraldiaren eraginari aurre egiten laguntzen diolarik azalera horretan, poroen zabalera murriztuz eta partzialki inpermeabilizatuz. Harri hauek, itsasotik gertuago izanik eta, beraz, olatuen talka gehiago jasanez, denbora gehiago igarotzen dute hezetasunean. Ondorioz, itsasoaren gatzek ere denbora gehiago igarotzen dute disoluzioan, beheko mailan ez bezala. Hemen, gatzek kanporako bidea hartzen dute eguzkiaren eraginez ura lurrunduz baitoa, harriari estresa eta honen desegite motela eraginez. Estres honek harriaren partikulen arteko konglomeratzailearen ahultzea dakar, bere hare aleak askatuz. Arenizazio hau generalizatua da harriaren azalera osoan.
2- Bigarren hipotesia bi mailetako harrien arteko portaera ezberdintasuna, harrien jatorri ezberdinagatik izatea da. Litekeena da, goian, ertza osatzeko erabilitako harria besteekiko tipologia ezberdinekoa izatea, bere portaera askoz gogorragoa baita kanpoko eragileen aurka. Hau hareharriaren formazioaren momentuarengatik izan ohi da. Harria inguru naturaletik ateratzerakoan, geruza baxuenetakoek konpaktazio maila altuagoa izaten dute, presio handiagoak jasaten baitituzte. Horrek erresistentzia handiagoa ematen die, hareharriaren aleek indar handiagoz loturik egotea lortzen baitute. Hala ere, baliteke harginek harri sendoago bat jartzea bertan (harrobi beretik edo beste batetik ekarria izanik ere) jasan beharko zuena aurreikusi zutelako.
Irakaslearen iritziz, harrien arteko portaera ezberdintasuna eta beraietan gelditzen den materiaren arteko kohesio ezberdintasun garbiak ikusita, ziur zegoen jatorri ezberdinekoak zirela biak. Beraz, bi hipotesiak balizkotzat jo zituen.
BURDINA
Lehenago aurreratu dugun bezala, kalte hau metalaren korrosioaren eraginez izan dela uste dugu. Burdina, itsasoz inguraturiko leku batean dago eta, beraz, hezetasun handi batean dagoelako izan daiteke. Ur partikula bat bere gainazalean jarritakoan, korrosio elektrokimikoa sortzen duen erreakzioa gertatzen da, hurrengo marrazkian azaltzen den bezala.
Pieza sortzen duen burdinak bi elektroi galtzen ditu Fe3+ emanez. Partikula berri honek leku gehiagoren beharra daukanez, metaletik askatu eta bere gainazalean gelditzen da.

——————————————————————————————————————————–
Paolbide tik eskerrak eman nahi dizkiegu Masterreko iksale diren Iker eta Yasmina ri, lana gurean argitartzen uzteagatik.


argazkia: www.javiercarballo.net