Alex Olidenen mutilek kanariar irletan garaipena lortu ondoren, ez zuten aukerarik izan TID San Antonioren aurka eta 30-37 galdu zuten Lubakin.
Denboraldi honetan Pulpok etxean galtzen duen bigarren partida da. Min eman duen porrota izan da, izan ere nafarrek elkarren arteko bi partidak garaitu dituzte, eta sailkapenean puntu bakar batera jarri dira.
Partida ez zen gaizki hasi, bi taldeek ez zutela defendatu nahi ematen zuen eta eraso guztiak golean amaitzen ziren. Lehen zatiaren 10. minutura 10-8 harrigarri batekin iritsi ginen; handik aurrera hasi ziren jaurtiketetan akatsak eta atezainen geldiketak. Kanpotarren defentsak 4-2koa erabiliz etxekoen defentsa ustekabean harrapatu zuen, eta eraso estatikoan arazo asko sortu zizkien zumaiarrei. Hala ere, etxekoak lehen zati osoan aurretik mantendu ziren abantaila txikiekin, baina tarterik ireki gabe. Atsedenean 17 eta 16 zen markagailuan.
Bigarren zatian nafarrak hasi ziren agintzen, eta berehala 5 goletako errenta lortu zuten. Etxekoek mixta bat egin zioten geldiezina zirudien Humet-i, baina amaieran 12 gol sartu zituen. Bost minuturen faltan etxekoen erreakzioa iritsi zela ematen zuen, 2 goletara hurbiltzea lortu zuten 29-31, eta jokalari bat gehiagoz. Baina lanik zailena egina zegoela ematen zuenean, partida hankaz gora jarri zen; jaurtiketa aukera kaxkarrak eta baloi-galtze inozoak, eta azkenean, etxeko taldeak etsi egin zuen. Partida amaieran 30 eta 37 markagailuan, egur handia Pulporentzat, partida azken markagailua baino berdinduagoa izan baitzen.
Porrot honen ondoren Alex Olidenen mutilek laugarren postua mantentzen dute 18 punturekin, jarraian dituen San Antonio eta Zarautz baino puntu bat gehiago. Datorren astean zumaiarrak Loiura joango dira Urdaneta taldearen aurka jokatzeko. Bizkaitarrak sailkapenaren erdi aldean daude 12 punturekin, azken partidan Sorian gol bakar batez galdu ondoren.
Bestalde, gizonezkoen senior mailako bigarren taldeak, Decotena Pulpok, garaipen garrantzitsua lortu zuen Irunen Irungo Gazteak taldeari 30 eta 32 irabazi ostean. Garaipen honi esker, jaitsiera postuetatik irteteko bi puntura jarri dira, Egia taldearen atzetik. Jubenil mailako gazteek ere oso garaipen garrantzitsua lortu zuten Askartzari 31 eta 29 irabazi ondoren, eta bigarren fasean jokatzeko aukera asko dituzte, Euskadiko Txapelketan aritu ahal izateko. Azkenik, partida oso berdindua jokatu ondoren, Basusta Erretegiko neskek 24nako berdinketa lortu zuten Elorrion
Iruzkin berriak